ERREKA HAIZEA
Kirri-karra logelako leihoak. Kirri-karra egongelakoak. Erreka haizea dabil. Haize bizia. Andoni lo dago. Zurrunga leunak heltzen zaizkit. Lehenago altxatu naiz. Nik ez dut ganoraz deskantsatzen eta ez diot ganoraz deskantsatzen uzten.
Hego haizeari deitzen zaio erreka haizea hemen, erreka itsasoratzen den norabiderantz heltzen da eta.
Mapetako puntu kardinal abstraktuetatik harago, herrian kokatzen gaitu termino horrek. Herria ere munduan kokatzen du: beroa errekatik dator, erreka sortzen den toki hura, beraz, behar da hegoa izan.
Kartografiak, bere lerro, eskala, neurri eta koordenatu guztiekin ere, engainatu egin ohi du mapak marrazten ditugunean. Azkuek berak azaltzen zuen kostaldean “Ipar” ez zela “Norte”, “Este” baino. Eta hala da, gure herria Ipar eta Hego banandu arren, mendebalde eta ekialde banandurik gaude. Baiona ez dago Bilbo baino gorago, biak 43 gradutan daude Iparrarekiko, minutu gutxiren diferentziaz.
Uste nahiko zabala da itsasoak ipar zuzena markatzen digula. Ez da horrela, baina. Hondartzatik, uraren mugaren paraleloan, edo talatik ortzemugara begira, iparrerantz egon bagaude, bai, baina ekialderantz ere bai. Mendebaldean edo “Hego” Euskal Herrian gaudela, behintzat.
Erreka haizea ibili da negu osoan. Ez da gauza arrunta. Udagoien, negu, baita udaberri sasoietan ere bestelako haize batzuk ibiltzen dira sarriago.
Kalera irten, norbait topatu eta eguraldiaz berbetan hasten garenean, euri ezean, darabilen haize finaz aritzen gara maiz, eskuez besoak igurtzi bitartean. Hezurretaraino sartzen da, edozer jantzi dugula ere. Haize fina hain da fina, ezen gure arroparen zirrikitu ñimiñoenetik ere sartzen baita.
Beste batzuetan, haize zakarra ibiltzen da. Zenbaitetan itsasotik: ipar haizea edo ipar baltza da hori, ipar-ekialdetik datorren haize hotz-hotza. Hemen haize baltza daukagun moduan, Nafarroan haize gorria daukate, komunikabideetako esatariak “ziertzo” esaten tematu arren. Neguan ipar-mendebaldetik jotzen duen haize latzak guardasolak alferrikako gauza bihurtzen ditu. Hemen menditik dator haize hori, ez itsasotik.
Galerna edo galarrena haize benetan zakarra da, enbata arriskutsua, baporeak eta marinelak hondoratzen dituena. Kostalde bazter honetan bapore deitzen zaie oraindino geratzen diren arrantza ontzi apurrei. Galarrena tristeki ospetsuak badira historian zehar: 1912, 1892, 1881 edota 1878ko Zapatu Santukoa.
Galerna guztiak ez dira hain zorigaiztokoak. Batzuetan, udan itsasoari parpaila zuriak altxatzen hasten zaizkio, handik gutxira hondarrean botata dauden uhalak urrunera eroango dituen seinale.
Erreka haizeari zoro haizea ere esaten zaio. Hego haizea, ero haizea dio atsotitzak. Baliteke zoramena hotzak apaldu eta beroak azkartzea.
Edozelan ere, erreka haizea dabil. Haize beroa, neguan egonda ere.