ISILPENA (II)
Pastillak hartu eta ezer gertatuko ez bailitzan jokatzen dut. Aurpegi onaz egon, irribarrea erakutsi, dena ondo dabilela islatu. Baina ondo ez, ondoeza ez dago ondo. Batere ondo.
Irentsi eta irentsi eta irentsi. Eta irensteko gaitasunak ere muga naturala daukanez, ezin irentsitako sasoia heltzen bada? Sasoi hori heldu denean?
Jatetxe garesti batean baleude bezala nabaritzen ditut nire obsesioak, etengabe errepikatuz, adurretan, sardexka eta ganibeta eskuetan, nire burmuinaren zein lobulutatik hasiko ote diren ezbaian, astiro eta patxadaz, plater txiki eta goxoen zerrenda luzedun menua aurrean baleukate bezala. Ideia obsesiboen etengabeko otordua da.