BAKARDADEA
Eskumatara begiratu dut. Han dago Andoni, egunkaria irakurtzen. “Bakarrik nago” pentsatu dut. Eta egia da. Bere alboan jesarrita, elkarrekin bazkaldu ostean. “Goizean izarak tolestu ditugu, elkar ikutu dugu, baina bakarrik nengoen. Kanpoko bakardadea samurtzea ez da ezer, barruko infernua apaltzeko laguntzarik ezean, barruko infernura, ura barik, ikatz beltza botaz gero”. Besoa sofa gainera jausten utzi dut, eskua luzatu eta atzamarrez ikutu diot ukondoa. Erantzunik ez. Erantzun fisikorik ez. Erantzun ñimiñorik ere ez. “Hemen gaude, elkarren alboan, baina bakarrik nago”. Zigarro bat atera dut paketetik.
Neure buruarekin egotea ez da sekula honen bakartia izan. Ez nau inguruak abandonatu, neure buruak laga nau, soilik, bakarrik, ber. Neure baitan deitu eta oihartzuna baino ez dut jaso, “nun zaoz? aoz? aoz? nao? nao? ao?”.