ETXEA
Betidanik egin dit atentzioa euskarak erdarazko “home”/”house” edo “hogar”/”casa” moduko bikoterik ez izateak. Dena da “etxea”, bai eraikina, bai eta eraikin barruko babes eta berotasuna ere.
Umeek gehien marrazten duten elementuetako bat da etxea. Egiten den etxearen irudikapenean, esaten dutenez, fatxada norberaren ageriko irudiari dagokio, gure pertsonalitateaz ematen dugun itxura da. Identifikazio horretan, fatxada-kanpoaldeaz gain, barruko atalen disposizioa ere bat ei dator: ganbara eta goiko pisua, burua eta pentsamendua; sotoa, inkontzientea eta instintuak.
Gaztelerazko “hogar” berbak etxeari zein sutondoari egin ahal dio erreferentzia. Ezkaratza etxearen bilgunea izaten zen, egongelak eta berogailuak asmatu baino lehenago. Beheko suaren inguruan biltzen ziren familiak. Izan ere, berotasun konpartituak bihurtzen du etxea etxe. Baina euskaraz “sutondoa” etxeko partea da, ez du “etxe” esan nahi.
Alaznek Anartzen etxean dutxa bat hartua zuela bota zion egun batean. Ez zuen indartu dutxa hartzearena, horrek garrantzirik ez zeukan eta, etxea Anartzena besterik ez zela baino. Egongelan Aliaren etxeko zapatilak zeuden, komuna Aliaren krema, ile lehorgailu, xanpu eta koloniaz beterik zegoen, esekitako arroparen erdia baino gehiago Aliarena zen. Hala ere, “Anartzen etxea” zen, Anartzena baino ez. Anartzen bizitzan Alia zerbait arrotz eta puntuala bailitzan.
Alaznek ondo daki gauzak azaltzen.