AMETSA
Herritik goaz, paseatzen. Beste herri bat da, alboko herria, baina alboko herriaren ezberdina. Dena da landa berdea harri horixkek osatzen dituzten bidexken alboetara. Han, urrunean, solo batean, mando eder bat. Soloan dago etzanik, horregatik uste dut mandoa dela, baina hain da iluna eta hain da handia, ezen zaldi beltza ematen baitu. Bidean aurrera egin dugu. Animalia dagoen tokira hurbildu gara. Mandoa hezur eta azala da. Gehixeago hurreratu eta samatik behera erdibiturik dagoela kargutu gara. Barru husturik dago, putreak eta bestelako sarraskijaleak handik ibiliak izan balira legez, baina ez da horrelakorik inondik ageri. Gehixeago gerturatu eta oraindik bizirik dagoela kargutu naiz. Arnasa estu-estu hartzen du, hagin luze-zabalak bistan, muturra oietan itsatsirik, listu faltan. Begiak zabal-zabalik dauzka, betazalak atzerantz desagerturik. Heriotza aurpegia da, oraindik bizirik badago ere.
Denok ikusi dugu. Bere sufrimenduaz denok gara jakitun. Baina ez dugu ezer egin bere sufrikarioa amai dadin. Eskubiderik ez dagoela esatera mugatu dira besteak. Eskubiderik ez dagoela entzutera mugatu naiz ni. Mandoaren jabea madarikatu dute besteek. Mandoaren jabea madarikatu dut neure baitan.
Gaur gauean ez dut izerdirik bota. Atzo iluntzean egindako negarretan joan zait, kontixu, soberako ura.