NOIZ BIHURTZEN DIRA NESKAK EMAKUME?
Aldaketa ez du hilekoak eta, hortaz, ama izateko gaitasunak markatzen.
Edozein adurti kaletik zure gorputzaren gainean edozer esaka hasten denean, orduan bihurtu zara emakume. Gure gorputzak bihurtzen gaitu emakume, beste batzuen begietara objektu desiragarri edo laidogarri. Ezberdintasun fisiko hutsak bazterkeriarako bidea ezartzen du eremu guztietan.
Kamiseta zabalak eta arropa ahalik eta nasaienak erabiltzen hasten zara. Gorputza ezkutatu nahi duzu. Psikologoek (gizonezkoak) askotan aipatzen dute norberaren buruaren lotsagatik dela, baina oso gutxik erreparatzen dute besteen begietatik eta adurretatik babesteko modua ere badela.
Harik eta egun batean izaki sexuatu eta sexuala zarela onartu eta erabili nahi zaituzten horiek zeuk erabiliko dituzula erabaki arte. Ez euren desira betetzeko, zeure plazera askatzeko baino.
Edo beste helbururen baterako, besterik gabe. Opor batzuetan, atzerrian, hogei urte inguruko ilobari esan bezala “nahi duzu jakin zelan egin behar duzun? Egin nire moduan, igo titiak, jaitsi eskotea eta zatoz”. Udaltzain birengana hurbildu ginen eta goxo-goxo, ahots eta begirada sentsualaz, baina benetan eta ez pelikula pornoetan bezala, galderaren bat egin nion bietako bati. Bere ergel aurpegierak eta eskutxoaz agur esateko moduak arrazoia eman zidan. “Aprobetxatu zure ahalmen hori, estrategia hori inoiz edo behin beharko duzu eta”.