GAIXOTUTAKO FAMILIAK
Gaixotasuna zenbaitetan belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Herentzia gaitzak izaten dira hauek. Gen kontuak egoten dira tartean eta, gaixotasun oso larriak izan gabe ere, edozein familiatan pasa liteke kolesterola, hipertentsioa edota diabetesa belaunaldiz belaunaldi.
Gurean hemofilia daukagu. Hiru ahizpok eramaileak gara, aita hemofilikoa zenez gero. Hala ere, eramaileak izan arren, andreak garenez, ez dugu gaixotasuna garatu. Hiruron artean seme bakarraz erditu gara eta, zorionez, gaixotasuna jasotzen ez duen %50 horren artean dago.
Belaunaldiz belaunaldi heredatzen diren bestelako gaitz batzuk, hala ere, ez dira batere ezagunak. Traumaren belaunaldi arteko transmisioaz ez da apenas ezer entzuten.
Trauma berba grekotik dator eta “zauria” esan nahi du. Gerrak eta frankismoak gurean utzi zuten zauriak astiro baina etengabean odolusten ari garen hemofiliko bihurtu gaitu.
Traumatizatutako amamak ama traumatizatu zuen; traumatizatuko amak bere ondorengoak. Herentzia krudela da hori: ezin kudeatutako mina beste baten kontra bortxaz eta erruki barik botatzea. Aita baten maitasun faltaz hazitako aitak bihotza erretzen zion pena ezin izan zuen guztiz ezkutatu.
Baina traumarik handiena isilpena da.
Gurasoek gerraoste osoa jasan behar izan zuten. Suposatzen dut eurek gertatutakoaz galdetu egiten zutela, horretaz berbarik egiten ez dela ikasi zuten arte. Arin eta agudo ikasi zuten. Seguru. Baina guri ez digute sekula esan behar izan ez galdetzeko. Zerbait existitzen ez bada, ez dago horretaz hitz egiteko premiarik. Inoiz galdetu al nuen zergatik ez neukan aititarik? Gomutan ez daukat, behintzat. Inork ez zuen sekula euren existentziaz aipamenik egiten. Esaldi bakar bat amamaren ahotik: “Horiexek akatu zuten zure aitita”. Fraga telebistan. Inork ez zuen beste hitzik ahoskatu.
Existitzen ez den hori, enkistaturik egon liteke?
Isilpena ez dator bera bakarrik, emozioen ezkutaketak lagunduta baizik.
Isilpenak historia lapurtu digu. Han-hemenka batzen joan behar izan gara gure historiaren zatiak. Eta isilpena, azkenik, zelan edo halan, tarteka apurtu denean ere, kontatu diren apurrak kontatu direnean, beste batenak balira bezala kontatu dira. Emozio barik. Sentipen barik.
Holokaustoak sortu dituen belaunaldiz belaunaldiko traumak aztertu izan ditu Yael Danieli psikologo juduak. Besteak beste, isilpenak jokatzen duen paperaz hausnartu du. Isilpenaren konspirazio modukoa atzeman du: errua, lotsa eta iragana gogoratu nahi ez. Ez dakit ze hausnarketa egingo lukeen Danielik gure kasuan, horretaz guztiaz gain, berrogei urtez isilpena gordetzea hil ala bizikoa izan denean. Eta hurrengo berrogei urteetan ahanztura inposatu digutenean. 80 urteko isilune derrigortua bizimodu bihurtu digute.
Lau familia tipo proposatzen ditu: borrokalariak, biktimak, anestesikoak eta zapaltzaileenak.
Emakume familia da nire amaren aldekoa, emakume borrokalariena, bizirauteko hagin eta atzoskol borrokatu zirenak. Anestesikoa ere bai. Anestesia laztura kontaezinari gailentzeko modu bakarra baita, hil ala biziko ebakuntzetan legez.
Umeek sasoi batez genealogian atzera egitea dute gustuko. Orduan, euren abizenak bata bestearen segidan joaten dira errenkan ipintzen, abizen bakoitza zein amama edo aititarena den bereizten. Ezin dut imajinatu zenbateko mina zekarkion momentu horrek aitari, zelan azaldu nire aititaren abizenik ez neukanik. Isilpena.
Noren semea zen ez nuen aitarengandik jakin. Barceló jauntxoaren seme bastarta. Barceló jauntxoaren iloba bastarta ni. Bai, Barceló.
Suposatzen dut aitarik gabe hazten den umearen pena, heldua denean, aitagatik sentitzen duen lotsak baino ezin duela gainditu. Amak kontatzen du inoiz edo behin, dirudun batekiko loturak zelanbaiteko handitasuna ematen digulakoan. Miseriaren traumak honelako pentsamenduak sortzen ditu, nonbait.