AMETSA
Atzera egin dut denboran. Andoniren bila nabil Labartzatik zehar. Laster topatu dut. Tabernan. Herriko neska bik futbolinean zelan jokatzen duten dago begira. Atzetik hurbildu natzaio eta gerria besoaz inguratu diot. Buelta eman du. Begiratu egin dit, baina ez nau ezagutu. Ez nau oraindik ezagutzen.
Taberna kanporantz laguntzeko eskatu diot eta, ezezagun honengatiko kuriositateak bultzaturik, eskaileretan gora etorri da niri jarraiki.
Kanpoan, aparkatutako auto baten alboan paratu gara elkarren parean.
“Oraindik ez nauzu ezagutzen, baina hemendik urte batzuetara elkar topatuko dugu. Zu ez zara hain gaztea izango eta ni orain baino gazteagoa izango naiz. Maiteko nauzu, inor maite izan ez duzun bezala. Eta, halere, edo horregatik, mindu egingo nauzu. Nik ere emango dizut mina. Eta, halere, edo horregatik, inor ez bezala maiteko zaitut”.
Eta desagertu egin naiz.