JABETZA
Maitatzen dugunean zerbait nahi dugu geuretzat, zerbait geureganatu nahi dugu. Ez dago maitasun altruistarik, benetan altruista den ekintzarik ez dagoen bezalaxe.
Zerbait “ona” egiten dugunean, eskerrak edo jendearen miresmena edo, besterik ezean, besteek gutaz daukaten irudia “ona” izan dadila bilatzen dugu. Ekintza guztiek bilatzen dute ordainen bat, zuzen edo zeharka. Baita balizko ekintza altruistek ere.
Maitasunarekin antzera gertatzen da. Maitasunaren atzean beti dago jabetza nahia, baina ez edozelako jabetza. Maitasunak ez du bilatzen beste pertsonaren jabe izatea, bestea gure pertenentzia edo ondasun bihurtzea, geure egitea. Hori baino geurekoiagoa da.
Batzuek bidaiak maite dituzte; bidaietan leku, gauza, jende berria ikusi edo ezagutzetik lortzen duten sentsazioaren jabe izan nahi dute. Beste batzuek musika maite dute; noten joan-etorriek ariman sorrarazten dien sentipenaren jabe izan nahi dute. Zenbaitek jakintza maite dute; adimena lantzeak eta izakien zein munduaren ikuskera zabaltzeak ematen dien ulermen gero eta handiagoaren jabe izan nahi dute.
Zerbait maite dugunean, zerbait horrek gugan eragiten duen aldaketa maite dugu. Horrexegatik da ekintza geurekoia maitasuna. Emankorra ere bai. Besteak gugan eragiten duen aldaketak pertsona berri bihurtzen gaitu; maite dugunak, horrela, gu berri horretatik har dezake, bera ere norbait ezberdin bihurtzeko. Denboran aurrera, izaerak moldatuz eta birmoldatuz joaten dira, bata besteaz jabetuz eta batak bestea aldatuz.
Baliteke gurpila gelditzea, horrek berritasun-erregaiaren premia geldiarazten ez badu ere. Orduan, zerbaiten amaiera gertu dago, beste zerbaiten hasiera etorriko den batere ziurtasun barik.