ANNE SEXTON (I)
Anne Sexton etxean, kamera aurrean, lotsagabe berbetan eta lotsagabeki jokatzen, botatzen duen esaldi bakoitzaz elkarrizketakidea erosotasun egoeratik atera eta bere jokora ekarri nahiko bailuen.
Neure burua ikusi dut lotsabakokeria zuzen eta zorrotz horretan. Biziarekiko atrebentzia. Berriro poemak idazteko gai izango al naiz? Hutsunearen hondarretan bilatu beharko dut, menditik jaitsitako piztiek zaborrontzietan bilatzen duten bezala.
ZIGARROAK, WHISKIA ETA
EMAKUME BENETAN BASATIAK
(kantu batetik)
Belauniko jaio nintzen agian,
negu luzean eztulka,
errukiaren musuaren zain,
abiadak liluratuta.
Gauzek aurrera egin ahala, dena den,
aise ikasi nuen eremu hesituaren
eta isolamenduaren zentzua,
enemak dakarren gasaren esanahia.
Bi edo hiru urte betetzerako ikasi nuen jada
ez belaunikatzen,
ez itxaroten, nire suak lurpean landatzen,
panpinei soilik xuxurlatzen zaien lekuan,
han, non haiek soilik diren lotarako etzaten,
itsusi eta perfektu.
Jada hitz asko idatzi ditut,
hainbat amodio aske utzi hainbat jenderentzat,
eta beti izan nintzena izan naiz orobat:
gehiegikeriaz, pasioz eta gutiziaz betetako emakume bat.
Haatik, alferrikakoa iruditzen zait ahalegina.
Ez diot, akaso, nire buruari ispiluan so egiten egunotan,
begiztatzeko arratoi mozkor bat nirekin ezkutaketan?
Ez dut, akaso, gosea hain zorrotz sentitzen, non,
nahiago bainuke hil, hari aurpegira begiratu baino?
Beste behin belaunikatu naiz,
deskuidoan errukia baletor ere
denboraren kondarretan.
(Itzulpena: Harkaitz Cano)
Idazteak ez zion Anneri balio izan konpondu beharrekoa konpontzeko, baina bai XX. mendeko poeta gorenetako bat izateko. Idaztea osasun bidera hurbiltzeko gomendatu ei zioten. Ez dakit Annek horretan sinistu zuen, baina jakin badakit horren emaitza ez dela espero litekeena. Literaturak norberaren gainetik egiten du salto. Literaturak dena hartzen du, ematen zaiona eta ezkutatzen zaiona, pertsona eta pertsonaia. Eta ez dizu ezer ematen trukean, ez zaitu aldarazten. Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana.