OMAYRAREN BEGIAK
Omayrak mundu osoko albistegiak bete zituen 1985eko azaroaren zenbait egunetan. Mundu osoko telebistetatik ikusi ahal izan zen neskaren aurpegitxo beltzaran txikitxo hura amatatzen, zuzenean, hainbat egunetako emanaldietan. Nevado del Ruiz lehoi-sumendiak iratzarri eta Kolonbiako Omayraren herria basatza azpian estali zuen. Hainbat eta hainbat lagun hil ziren estutasun momentu haietan, baina Omayra han gelditu zen, bere etxearen egurrek, harriek eta bestelako hondakinek harrapaturik. Burua baino ez zeukan bistan, burua eta eskutxoak, aurpegia bezain beltzaranak. Trabes zegoen egur bati heltzen zion, egur hori biziari eusteko heldulekua bailitzan. Eta izan bazen. 60 orduz egon ei ziren kamerak grabatzen, 60 orduz esatariak esaten, neskaren agonia hunkigarrien nork kontatuko ote zuen isilpeko txapelketa makabroan.
Omayrak ile laburra zeukan. Omayraren betazpiak gero eta ilunagoak ziren. Omayraren begirakuneak etsipena eta itxaropena nahasirik islatzen zituen.
Momentura arte eskolara joaten zen, eskolatik irten ostean lagunekin olgetan ibiltzea gustuko zuen, etorkizunerako planak zeuzkan, herriko mutil edo neska batekin maitemindurik egonda ere, ezer esateaz lotsatzen zen, lantzean behin amarekin eztabaidatzen zuen eta, harrezkero, Gabonak laster heldu behar zirenez, oparien zain zegoen seguruenik. Ez zen edozein neska, Omayra zen, bere ilusio, gogo eta nahi propioekin. Hala ere, neska baten, edozein neskaren, heriotza hiru egunez zuzenean jarraitu ahal izan genuen. Nik ere ikusi nuen. Zortzi urte neuzkan.
Gomutapen argia izan dut urte hauetan guztietan zehar.
Beste guztiek pena adierazten zuten bitartean, arrangura baino ezin nuen nik sentitu. Arrangura eta arranguratik gorrotora. Zergatik ez zuten handik ateratzen? Zergatik ateratzen zuten telebistatik, zulotik atera ordez? Mundu osoa ari zen ikusten. Inor ez al zen kapaza beharrezkoak ziren bitartekoak hara bidaltzeko? Inor ez al zen kapaza handik behingoz ateratzeko egin beharreko guztia egiteko? Aurrerapen tekniko eta teknologiko guztiak; lasterketa armamentistikoa; kimika, medikuntza, biologia, fisika, ingeniaritza... jakinduria osoa... ezertarako ere ez. Neska hura zuzenean hiltzen utzi zuten.
Omayraren bizitza ez zen baliotsua. Omayraren heriotza, ordea, bai. Zenbat eta malko gehiago sortu ikusleei, orduan eta handiagoa irabazia, mass-media jabeek ondo ezagutzen duten proportzioaz.
Omayrak trabes egiten zuen egur bati eusten zion eta, bere izeko hilaren buru gainean zutunduta, lortzen zuen burua basatzatik ateratzea. Neska hark azkenean handik salbatuko luketen itxaropenari eusten zion, azken batez, bere alboan zeuden gau eta egun. Hala ere, funts-funtsean bazekien ezer gutxi balio zuela, kolonbiar neska pobrea baino ez zela. Begietako itxaropena etsipenez betetzen zitzaion.