BOTERE SAREA
Menperatu-menperatzaile bikoteari eusteko modurik eraginkorrena ez da koertzio esplizitua. Boterea erabiltzeko modu zatar eta ageriko honek erantzuna ekar lezake eta, hortaz, boteredunaren legitimazioa kolokan jarri.
Aitzitik, hainbat estratifikazioren arabera daude antolatuta taldeetako botere harremanak eta sari-zigor jokoaz sarea eratu, estutu eta kontrolatzen dute bertako kideek.
Boterea daukanak berez dagokiolako dauka boterea edo, hobeto esanda, horrela izan dadin, hala sinistu eta hala sinetsarazten dielako ingurukoei. Hauxe da lehenbiziko estatus mailaketa edo estratifikazioa: A-k maila altuena betetzen du beste guztien gainetik. Bestela esanda, beste guztiek maila baxuagoan egotea onartu dute A maila gorenera igotzea erabaki dutenetik. Ez da erabaki kontzientea, baizik eta “ordena naturala”. Lehenbiziko estratifikazio honek boterea legitimatzen du.
A-ri nagusitasuna aitortuta, beraren ingurukoek A-ren mesedea izango dute. Ekintza honek balio eskalan altxatzen ditu taldekoak ez diren beste guztiekin konparatuta. Esan nahi baita, A-ren zirkulutik kanpo daudenek ez daukate A-ren mesedea eta, hortaz, taldearentzat balio gutxiagokoak dira. Hauxe izango litzateke bigarren estratifikazioa, non boterea (edo botere sentimendua) talde osora zabaltzen den.
Sareak A-ren boterea zuzenean bermatzeaz gain, zeharka ere handitzen du: menpekoak (B, B’, b, b’...) euren egoerarekin —A-ren alboan egotearen “sariarekin”— pozik egoteaz gain, botere hori pitzatu ahal duen beste edonoren arerio bihurtuko dira. Boteretik gertu egoteak ematen dien konplazentzia ezerezean geldituko litzateke, baldin eta boteredunak boterea galduz gero edota balizko botere horren fikzio konpartitua apurtuz gero.
Hirugarren estratifikazioa B guztien artekoa da. Talde berean egon arren, ez dute denek posizio berbera betetzen. A-rengandik zenbat eta hurbilago, orduan eta eskailera maila altuagoan egongo dira. Jokoaren arau inplizituak denek ezagutzen, onartzen eta zaintzen dituztenez, menperatuak berez eta euren kabuz arituko dira ahalik eta sari gehien edo ahalik eta zigor gutxien jasotzeko txapelketan.
Araua urratu duena lotsaraztea, kritikatzea edota erridikulizatzea dira zigortzeko modu arruntak horrelako taldeetan. Zigorra edozeinek paira dezake momentu zehatzen batean; hala ere, baten batek beti beteko du azken postua. Pertsona hori zigorren jopuntu ohikoa izango da guztientzat: norbait jipoitu behar da botere faltaren frustrazioa bideratzeko. Agurnek, horrelakoetan, benetan disfrutatzen zuen tabernako barratik begira. Aimar gozamen horren partaide izaten ahalegintzen zen. Alaznek ez zeukan oso gustuko. Ainarak, beti parte-hartzaile, ez zion jokoari benetako zentzua hartzen.
Boterea aitortzen duen sare oso bat da beharrezkoa. Miresten den horren alboan egote hutsa, berez, saria da. “Aukeratutakoen” taldekoa izatera pasatzen zara. Eta talde “esklusibo” horretako partaide moduan, taldea —eta taldearekin batera lortu den balizko “posizio soziala”— babestea da helburua. Harrigarria da boterea beste bati eman ostean, norberak eta ez beste inork sortutako botere horren alboan egoteagatik egin litekeen guztia. Esan bezala, talde pentsamendua, pentsamendu gregarioa da.