HERIOTZA ATSEGINA
Itsasoari lana uztea onena litzateke.
Odol isuririk ez dakarten metodoen artean ezin esan aukera handirik dagoenik. Pozoi edo pilula gaindosiak ez dakar odol jariorik, baina txahala edonon botatzea bai. Eta ez da ez atsegina, ez garbia. Nork nahi du bere gorpua goitik eta behetik botatako zikinkeria artean aurkitua izatea? Gainera, produktu korrosiboa ez bada, heriotza ez dago bermatua. Eta barruki guztiak erretzea ez dirudi oso samurra denik.
Bainerako ur beroetan odol hustea heriotzarik eta samurrena dela esan liteke. Zainak eskumuturretik gorantz, zeharka, ebakitzea eraginkorragoa ei da, normalean suizidek eskuturrak ebakitzen badituzte ere. Hala ere, ezin esan gozoa denik gorpua topatzen duenarentzat. Mereziko luke bainera guztiz gorri topatzea? Mereziko luke komunera sartzen den bakoitzean nire gorpuaren irudia gogoratzea? Agian bai. Andoniri horrelakorik egiteko gai al zara maitasun-gorroto dialektikan?
Beraz, itsasora sartu. Egunez? Gauez? Argi dagoena da udan izan behar dela. Hotza ez dut agoantatzen. Itolarria sentsazio lazgarria da, berez eta nahikoa; ez dago agonia luzatzeko premiarik. Udan. Erabakirik.
Baina udan bada, gauez beharko, egunez izanez gero, hordartzainen abileziaren menpe bainengoke.
Jantzirik? Biluzik? Jantzirik, jakina da arroparen pisuak helburuan laguntzen duela. Baina zelan egin uko itsasora biluzik sartzeak sorrarazten duen besarkada umel konparaezinari? Titiak uretan flotatzen... Gizona izanez gero, gustagarriagoa izango litzatekeela suposatzen dut, zakila uren nahieran aske igartzen, solterik antzean...