AMETSA
Euri jasa gero eta gogorragoa da. Ura etengabean jausten da herriko aldatsetatik behera. Kale zoruetako harriek erreka harriak dirudite. Uriolak dira. Etxera noa, zutik iraungo ez duen beldurrez. Ziurtatu behar dut. Gora noa, pisu bat, beste bat, eskaileretatik baino, hormatik ari naiz gora egiten. Etxearekin batera neu ere eroriko naizen ikaraz nago. Basatza gainean eraikita balego legez mugitzen da, dar-dar egiten dute etxeko habeek, dar-dar egiten dute nire hankek. Zutik dirau, hala ere.
Andonirengana noa, herrira. Serio begiratu dit. Egunen batean berak ere ezer esan barik alde egingo duela aurpegiratu dit. Mespretxuzko begirakunea izan da. Igar dezaket. Gure etxea jausiko ez dela egiaztatzera joan naizela azaldu nahiko nioke, baina isildu egin naiz.
Iratzarri egin naiz. Andoni ez dago, lanera joan da honezkero. Izarak gorputzaren kontra igurtzi ditut izerdia xukatzearren.