HERRIRATURIK
Euskara gure territorio libre bakarra dela dio Sarrionandiak. Ez dakit euskara nire territorio librea den, baina bai nire herri bakarra. Berbetan herriratu nintzen eta berbek eman zidaten herria.
Lehen hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren jabekuntza prozesuak ezberdinak dira. Beldur naiz nagusia naizenean euskara, bizitzan zehar ikasten diren beste kontu batzuekin batera, gaixotasunak ezabatuko ote didan; beldur naiz, euskara galduta, ni neu eta nire bizi osoa ere galduko ote garen, ni euskaraz naizelako eta erdaraz ez naizelako ni edo, behintzat, ni osorik.
Deserria gogorarazten zidaten ama hizkuntza defendatu behar zela zioten haiek.
Beste ama hizkuntza batez ari ziren, ez nireaz. Euskaldun osoa ez banintz legez. Eta hala sentitzen dut zenbaitetan, datuak emandakoan, abizenek nolabait bekatu originala salatuko balute bezala.
CIGA Galiziako sindikatuko kide batek euren Biltzar Nagusian esan zidanez, ez ei daukat euskal itxurarik. Fisonomista ona da gizona. Euskal emaztea zuen eta hainbat urte emanda zeuzkan Euskal Herrian. Asmatu egin zuen.
Nire aberria da eta, hala ere, guztiz propioa ez bailitzan igartzen dut lantzean behin. Herri gutxi ezaugarritzen ditu gaur egun hizkuntzak. Euskara Herria da horietako bat, mundua euskaradun eta erdaradunen artean banatzen duena. Herri zaharren ohitura.
Ama hizkuntza ere maite dut. Batzuetan bere premia larria izaten du nire mingainak. Gustuko dut ezpainetatik erraz irristatzen denean. Gustuko ditut etxeko berbak: arrepellar, arrebujar, poyete, sieso, esaborío, esnortá, entelería; baita jaioterrikoak ere: coger bolida edota polifín. Nire izaeraren parte dira, eta aberria ez izan arren, badira nire territorio librea. Ingurukoek ezagutzen ez dituzten berba magikoak. Ardo ondu eta zaharraren zaporea aho sabaian.