GEZURRA (I)
Gezur asko entzun izan ditut. Horietako batzuk niri esanak, beste batzuk norbaitek inori sartuak, baten bat norberaren ahotik, nik gezurrik esaten ez dudan arren. Edozelako gezurrak izan dira. Gezur tontoenetik krudeleneraino.
Berba egitea beti da arriskutsua, are gehiago egia esateko bada. Gezurra, ordea, entzuten duenarentzat pozoia bada ere, balizko biziraupen edabea da ahoskatzen duenarentzat, biziraupen laburra izan arren. Horrela, gezurraren aurrean erantzunik ematen ez bada, nolabaiteko salbamendu euskarri bihurtzen da gezurrean tematzea, nahiz eta bota duenak jakin ez dela sinistua izan. Adierazi gabeko akordioa da. Gezurretan dabilenak horri eusten dio. Gezurra entzun duenak salbamendu euskarria ez puskatzearren, beste pertsona momentuan itotzen ez ikustearren, ez dio ezer.
Gezurretan ibiltzeko ez da zertan ezer esan; egia ezkutatu eta isiltzearekin nahikoa da.