HIRIA
Labartza herrian ez da sekula ezer pasatzen. Denbora, akaso. Baina denbora hain da astiro pasatzen, ezen zaila izaten baita horren kargu hartzea. Kontrakoa dirudien arren, Hirian ere ez da askoz arinagoa izaten denboraren igarotzea. Agian, inguruan mugitzen diren auto, autobus, tranbia, tren eta oinezkoen abiadurak denboraren igaroa ere kutsatzen duela ematen du batzuetan.
Hirian lasterrago mugitzekotan, inbidiak, amarruak, iruzurrak eta azpikeriak ibiltzen dira azkarrago, euren burua besteena baino bizkorragotzat daukaten uzkurren sasi-balentriaz.
Hala ere, Hirian, ezer sortzen ez denez, ortuariak lurretik, kasu, ezinezkoa izaten da denboraz benetan konturatzea: supermerkatuetan ez da ezer jaiotzen, ezta, erosleon bistara behintzat, hiltzen edo urdintzen ere. Hortaz, Hirikoek uste dute euren balizko loria ere ez dela denboraz lizunduko.