LABARTZA HERRIA
Labartza ez da biztanle guztiek elkar ondo ezagutzeko bezain txikia, ezta betiko familiek betidanik elkar ez ezagutzeko bezain handia ere. Labartza herriko biztanleak denbora luzez egon daitezke labartzarren baten berri ematen elkarri, hizketakidea, haritik tiraka, zeinen inguruan ari diren berbetan azkenik kargutu arte: “Ez dakit noren alaba, senarraren amak denda bat ez dakit non zeukana, badakizu, familia beheko kalean bizi zena eta aitaren anaia bi Ameriketara joan zirenak... bai, jakin behar duzu, gaztetan gerora koinatua izango zenaren tabernatik askotan ibiltzen zena...”. Harik eta “bai, bai, bai, nire ahizpa nagusia baino pare bat urte gazteagoa den andre hori, zelan ez dut jakingo ba!”. Labartzako biztanleek, usu baino gehiagotan, ez dute gogoratzen zeren kontura zetorren pertsona hori aipatzea.
Udatik udagoienera, gauez euria egiten duenean, kale kantoi guztietaraino zabaltzen den belar usainaz esnatzen da Labartza. Oraindik, ohitura den legez, txikoriaz hartzen diren goizeko kafesneetako katiluetara ere sartzen den freskotasun berdea da, kresalaren gaziaz nahasirik. Labartza herrian ez dago inoiz izarrak ikustea galarazten duen besteko argirik. Duela urte gutxira arte negu orotan argia eteten zen, bizpahiru egunez. Eta orduan inoiz baino ederrago ikusi ahal ziren zeru oskarbietan konstelazio guztiak. Eta orduan inoiz baino hotzagoak izaten ziren itsaso eta erreka alboko gau hezeak, baina inoiz baino ederragoak, manta lodi azpian sofan jesarrita eta kandelen aurrean liburuak ozen irakurtzen, antzina bezala.
Labartza herriko umeek Hirian ikasi behar dute zer den semaforo bat. Gizon gorria geldi dagoenean, geldi itxaron behar dutela; gizon berdea agertzen denean, orduan pasa daitezkeela aurreko lauzara. Labartzako umeei bereziki gustatzen zaie ikustea mugitzen diren gizon berde horiek bat-batean korrika hasten direla eta, orduan, gurasoek, eskutik helduta, arrapaladan gurutzarazten dietela zebrabidea.
Labartzan ez dago semafororik. Ezta lanik ere. Horregatik, goizean irteten den auto andanak biztanlez husten du herria iluntzera arte.