ISILPENA (III)
Sentimenduak isiltzea, ez adieraztea, ohitura aldagaitz bihurtu ahal da. Sentimenduak isiltzeko ohitura iraunkortu eta bizimodu bilakatzera hel daiteke, ohitura guztiekin gertatu bezala. Baina sentimenduak ezkutatzetik sentimenduak desagerraraztera pasa liteke? Ba al dago momentu zehatzik horretarako? Urteetan neurtu ahal da? Hamar urte, hogei urte, berrogei urte? Ba al dago bestelako neurketa unitaterik?
Baliteke kanporantz isiltzen den horrek gure baitan entzun ezinezko zaratotsa osatzea, bere desagerpen arriskuaren aurrean irauli eta altxatzen dena. Leherketa bat suertatzen denean, sorburua bilatzeari ekiten diogu beti, baina arrazoi argirik gabekoa bada, azaldu ezinezkoa bada, sentimendu gehiegi pilatzearen erruz izan bada? Edo, aitzitik, sentimenduak ez desagertzeko balizko borrokaren emaitza izan bada?
Erantzun diskurtsiboak ez dira zertan beti berbazkoak izan, ekintzez erantzun daiteke, baita isilpenaz ere. Edozelan, berba eta ekintza ez bezala, zaila da isilpena noiz hasten eta noiz amaitzen den zehaztea. Isilpena continuum-a da, pentsamenduan guztiz lausotzen dena, zeren eta pentsamendua, diskurtsoa ez bezala, beti baitago hizketan.
Horregatik, ageriko isilpenak berbaz adierazten den barru pentsamendu forma ere badauka. Bestela esanda, erantzuna kanpotik isilunea bada ere, buru barruan erantzun horrek pentsamendu forma hartua du. Baina pentsamendua etengabea denez, erantzun diskurtsiboa ez bezala, gelditu barik borborrean dabiltzan pentsamenduekin nahasten da erantzuna litzatekeena. Hasiera eta amaierarik gabeko erantzuna da, baina izan bada, amalgama eran izan arren.
Isilezko erantzun horrek artikulatutako berbak behar zituen, baina pentsamenduaren gatibu gelditu da. Eta arinago edo beranduago irteera bilatuko du. Baina orduan, amalgama hartatik ezin bereizirik, zentzu diskurtsiboa galtzen du, ulertezin suertatzen zaio entzuleari. Baita askatzea lortu duen esatariari ere.