ZIENTZIAZ
Zientzia ez da zerbait aseptiko, neutro ezta objektiboa ere. Evelyn F. Keller matematikoak eta Sandra Harding filosofoak, nork bere aldetik, diotenez, zientzia humanitatearen talde zehatz batek ekoiztu du ia guztiz: gizonek, zuriek, Mendebaldekoek eta klase ertain-altukoek.
XVIII. eta XIX. mendeetan buru hezurren neurri ezberdintasuna erabili izan zen emakumeok balio gutxiagokoak garela frogatzeko. Darwinek berak ere utzi zuen idatzita gizonezkoak adimentsuagoak direla. Ramón y Cajal espainiar Nobelak “poesiari” ekin zion gure ezberdintasunak adierazteko:
“Gauza jakina da gizona eta emakumea ez direla berdinak, osagarriak baino, erlea eta lorea diren bezalaxe. Eta arrisku handia dago, tailer edo lantegietako lanak —emakumezkoen edertasun eta osasunarentzako gaitza denez gero— ez ote duen etorkizunean emakumezko abortatua sortuko, hau da, himenoptikoen erle langilearen pareko emakumea”.
Umeak nondik datozen galdetuta, gurasoek lorea eta erlearen ipuina kontatzen zuten aspaldi. Nork esan “zientifikotasun osoko” kontakizun hura Nobel bati zor zitzaiola.
Eta Nobel sariak aipatu ditugula, 48 emakumek baino ez dute jaso, %5ek, alegia: hauetako gehienek, 16k, Bake saria, jakina baita emakumeon geurezko ontasuna; bik besterik ez Fisikan (hauetako bat Marie Curie, baina gizon birekin partekaturik) eta bakarrak, Elinor Ostromek Ekonomian, hau ere gizonezko batekin konpartiturik.
Ez omen dago emakume zientzialaririk. Are gutxiago testuliburuetan.
Medikuek egozten ziguten histerismo gaixotasuna eta horretan gure uteroak omen zeukan zerikusia gauza jakina da, baina ez gara hain urrunera zertan joan. 1992ra arte ez zen fibromialgia gaixotasuntzat aitortu, esaterako. Ordura arte, sintomak asmatuak zirela aurpegiratzen ziguten mediku gehienek euren mahaiak eta mantal zuriak ematen dien nagusitasunaz. Gaixoen %90 emakumezkoak dira. Histeriko hutsak.
Denok ondo dakigu bihotzekoak jotzen gaituenean zeintzuk diren sintoma orokorrak, naturalak, ohikoak, mundu guztiarenak: opresioa bularrean eta mina ezkerreko besoan. Horiek dira medikuntzak ezarri dituenak eta mediku ia guztiek kontuan hartzen dituzten zantzuak bihotzekorik izan ote dugun aztertzeko. Baina andreok, antza, nauseak izaten ditugu eta sabeleko beheko partean mina sentitzen dugu. Honelako sintomak azaltzen dituzten emakumeei kasu gehien-gehienetan ez diete egiten bihotzekorik izan duten aztertzeko frogarik.
Hiltzeko aukera gehiago izaten ditugu. Kasu honetan ere bai.