INGEBORG BACHMANN (II)
Nork eskatu dizu arrotz honi buruzko juzgu bat?
Eta inork eskatu gabe ematen baduzu, segi oinez gau batetik bestera
haren zauriak orpoetan dituzula, segi, eta ez itzuli
“Hizketa eta esamesa” poema
(Itzulpena: Nagore Tolosa)
Esamesak juzgatuaren belarrietara sekula helduko ez direlakoan, koldarkeriaren mailarik gorenera heltzeko gaitasuna dutenek ez ei dute gure atentziorik merezi. Inoren juzguak ez ei du gure arretarik merezi.
Aurpegi biko munstroak ez dira izaki mitologikoak, alde bakarra erakusten duten izaki errealak baizik. Erraza da horiei sinisten. Baina ba al da horren erraza horiek ahazten?
Zelan osatu zauri horiek baldin badakigu sortu dituztenen orpoetan ez direla sekula islatuko, euren oinak ez dituztela inoiz odol eta haragi bizi izango? Zelan osatu, errealitatea ikusaraztea hain bada latza?
Gure ingurukoei guk nahi ditugun ezaugarriak oparitzen dizkiegu, onak edo txarrak. Gehienetan onak eta txarrak aldi berean. Asmatu dizkiegun ezaugarri onei edo txarrei erreparatzen diegu, segun nor garen, segun nor den. Segun zer nahi duen. Segun zer behar dugun. Gure pentsamenduan baino ez dira bizi.
Hurkoak zelakoak, gu halakoak.
Hain da gogorra onartzea ingurukoen eraikina gure irudimenean baino ez dagoela, aurpegi ezkutua gordetzen dutela, aurpegi ezkutu horrek sorrarazitako oinazean gozatzen dutela... Oratu dugun gezurrari edozelan eusten diogu. Gezurra onartzeak gu ere munstro bilakatuko gaituen beldurrez. Eta zauritutako animaliak, bere burua babesteko instintu primarioaz, basati mugitu eta eraso egiten du.
Horrelaxe zauritu ninduen behin Andonik.
Aurpegi biko bere munstroekin parekatu ninduen. Inoizko ekintza bortitz eta mingarriena.