GERRAZ (III)
Bonbardatutako hiriak ez dira harrezkero hiriak.
Umeak jolasten ziren parkeetan orain ez da ezer.
Ez da ezer orain erosketak egiten ziren dendetan.
Fabrikara goizean joateko eta arratsaldean fabrikatik itzultzeko biderik ez da.
Fabrikarik eta zer fabrikatu ez dagoen legez.
Hutsuneak baino ez.
Deslekuak.
Bonbardatu orduko ezagutu zituztenentzat baino ez ziren lekuak hiri horiek.
Telebistan deslekuak baino ezin ditugu guk ikusi. Albistegietatik ezagutzen dugun bakarra da. Berez ez dena, guretzat existitzen den bakarra da. Desagertutako hiri horiek guretzat baino ez dira, ikusten ditugun hutsuneak betidaniko presentzia direla begitantzen zaigu eta.