LEKUKOAK
“Zangoak estutu eta hor barruan ito behar izan zintudan jaio orduko”. Berba hauen bitartez amak esplizituki adierazi baino askoz lehenago, sumatzen nuen nik horrelako zerbait.
Horrelaxe neukan onarturik, natural, batere estutasun barik, eta honelaxe azaltzen nuen, batere tremendismorik gabe: hobe zela ni jaio izan ez banintz. Denok irabaziko genukeen, baita neuk ere. Esan barik doa eskolako umeek ez zituztela inondik inora ulertu azalpen trankil horiek. Horretaz berba egiten ez denez, askok uste dute ume txikiek ez dakitela zer den suizidioa, baina bai, jakin badakite, horretaz berba egiten ez dela dakiten bezain ondo. Neskato haietako bat neure buruaz beste egiteaz ari ote nintzen galdetzera ausartu zen. Ez zen hori kontua. Denontzako probetxugarriagoa izango zatekeen egoera deskribatzera eta onartzera mugatzen ari nintzen, besterik gabe.
Berba latz horien bitartez, ahalik eta minik handiena egin nahi izan zidan amak.
Handik denbora batera, bere amak, hau da, gure amamak, berari egindakoak entzunarazten zizkidala, “badakizu amak zer esan zidan behin?” galdetu ostean, niri aurpegiratutako desio krudel berbera irten zitzaion ahotik.
Belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren min eta mendekuzko lekukoak omen.