NARTZISISMOAZ
Uretan islatu zen Nartziso eta bere irudi ederraz maitemindu zen. Urek, halere, alde bat baino ez zioten erakutsi: beraren aurpegi perfektua. Ez bizkarralderik, ez gerizperik, ez atzekorik. Nartzisok ikusi nahi zuena baino ez zuen ikusi. Nartzisok bere buruaren isla engainagarri bihurtu nahi zuen. Hainbesteko gogoz, ezen engainu horretan hil baitzen itota.
Bi nartzisismo mota daude, gutxienez: zarena izateagatik edo egiten duzuna egiteagatik. Alde handia dago bien artean. Lehenengoarekin, ingurukoak baino hobeak garela sinisten dugu, berez, gu izate hutsagatik. Inor ezin da gurekin parekatu, inor ezin izango delako sekula gu izan. Bigarren nartzisismoak, ordea, egiten dugun horretan gero eta hobeak izatera bultza gaitzake. Egiten dugun edozer, egiten dugula ere, besteren batek ere egin lezake, baita guk baino hobeto ere. Eta beraz, geure buruari gero eta gehiago eskatzera eraman ahal gaitu. Sortzaileen artean, edozer sorturik ere, nartzisista asko omen daude. Ez dut nik horretaz zalantzarik agertuko.
Norbanakoen nartzisismoaz gain, talde nartzisismoa ere existitzen da. Kasu honetan, norbanakoa barik, taldea bera da gehiegizko estimuaren objektua. Izan ere, talde hauetako kide askok, norbanako moduan, askotan ez daukate euren burua estimu handitan. Baina euren taldea goratzen dutenean, talde horretako partaideak izate hutsagatik, eurak ere hobeak direla sinisten dute.
Taldeko buruzagia mirestean nagusi horrengan isla dezakete euren nartzisismoa. Norabide biko sumisio, sinbiosi eta identifikazio ekintza da: norbanakoek euren nartzisismoa buruzagiari transferitzen diote; liderra zenbat eta handiagoa, jarraitzaileek hainbat eta handiagoak direla sinistuko dute. Era berean, jarraitzaileek liderra zenbat eta gehiago miretsi, azken honen nartzisismoa hainbat eta gehiago elikatuko da. Bereziki nartzisistak diren norbanakoak izaten dira aproposenak lider funtzioa betetzeko. Bere handitasunaz konbentziturik dagoen eta zalantzarik ez daukan buruzagiaren nartzisismoa da, hain zuzen ere, menpekoen nartzisismoa erakartzen duena.
Esan barik doa, kolpatutako nartzisismoa, norbanakoena zein taldearena, kolpatu duena zanpatuz gero baino ez dela “osatzen”. Balizko zaurtzailea zauritu, balizko zauria sendatzeko.