ITZALA
Jungen aburuz, izakion arimaren parte iluna da itzala. Norbanakoen miseriak oro barnebiltzen dituen atal inkontzientea, nortasunaren alde negatiboa, “ni” kontzientea onartzeko gai ez dena.
Gure nortasunaren osagaitzat hartzea zail izaten zaigun hori guztia ei da itzala, besteengan ikusi eta gaitzesten duguna. Geure buruaz daukagun irudiarekin eta kanporantz islatu nahi dugun eitearekin bat ez datorrena.
Eta, hala ere, geure parte da itzal hori.
Onartu nahi ez duguna onartu beharrak gatazka sortzen omen digu barnean.
Jungen itzalaren teoria ez da Freuden inkontzientearen teoriaren parekoa. Itzalak daukan suntsipen ahalmen eta potentzia izugarria ei da, energia delako. Eta, energia denez gero, moldatu eta eralda daitekeelako. Suntsipena, beraz, sormen bihur daiteke.
Itzalarekin bat egiten ei dugu gure bizitzetan aldaketa premia azaltzen zaigunean. Esan barik doa, aldaketa premia hauek ez direla etortzen ez samur, ez leun, ez apur; garratz, latz eta mikatz oldartzen zaizkigu.