MIYÓ VESTRINI (I)
AZENARIO BIRRINDUA
Aurreneko suizidioa bakarra da.
Beti galdetzen dizute ea istripu bat izan zen
edo hiltzeko asmo sendoa.
Tutu bat pasatzen dizute sudurretik,
indarrez,
min eman dezan
eta ondokoa ez aztoratzen ikas dezazun.
Heriotza-berez-irtenbide-bakarra-iruditzen-zaitzaizula
azaltzen hasten zarenean
edo zure-senarra-eta-zure-familia-izorratzeko
egiten duzula,
bizkarra eman dizute dagoeneko
eta zure azken afaria daraman
tutu gardena begiratzen ari dira.
Fideo edo arroz txinatarra ote den egin dute apustu.
Guardiako medikuak bereari eusten dio:
azenario birrindua da.
Nazka, dio ezpain lodiko erizainak.
Amorratuta bidali ninduten handik,
batek ere ez zuelako apustua irabazi.
Seruma azkar jaitsi zen
eta hamar minututan,
etxean nintzen berriro.
Ez zen negar egiteko espaziorik izan,
ezta hotza edo beldurra sentitzeko tarterik ere.
Jendea ez da heriotzaz arduratzen gehiegizko maitasunagatik.
Umeen gauzak,
diote,
umeak egunero suizidatuko balira bezala.
Hammetten orrialde zehatza bilatu nuen:
ez dut inoiz zure bizitzari buruzko hitzik esango
liburu batean ere,
hori egitea ekidin badezaket.
Heriotza eta mina. Maitemina askotan. Gehiegitan.
Vestriniren poesiak, zuzen eta intentsoa izan arren, daukan indar guztia daukala ere, ezin izan du Atlantikoa zeharkatu. Gezurra dirudi, berbetatik kanpora bortitz salto egiten duen andreak inprimitutako orrialderik ez izatea munduko bazter honetan. Iraultza urratuak Miyórenak, bortxatuak, burrunbadan datorren ekaitza, aizkorakadaz ebakitzen diren sentimenduak, laban zorrotzak baino zorrotzago mozten duen aizto moztua... Poemak, borrokalariaren koraza bakarra direnean, gogor eta latzak behar dira izan. Ez dira babeslekua, oskola baino.
Amorrua eta ihesbidea. Ihesean beti. 1991n oinazea amaitu zen arte. Antsiolitikoen gaindosia. Behingoz eta betiko askabidea.
Eta ispilua, norberaren irudia ispiluan. Ispiluak ez du gure kanpoko itxura islatzen. Ispilua bihotz muinetara arte sartzeko gai da, belztasunean atzaparrez arakatzen duen herensuge bihurtzeko kapaza da. Norberaren isla mastekatu eta aurpegira botatzen digu, adurretan blai, higuin keinuaz. Ispiluaren barruko ispiluen irudiak milaka eta bakarra dira, milaka zatitan krakatutako emakumea bezala.