AINARA
— Alia ez zaigu gustatzen.
Lehen plateraren zain mahaian jarrita, elkarrizketa zaratatsuetan zeuden guztiek entzuteko moduan bota zuen Ainarak esaldi lapidarioa. Zurrumurrua isildu eta denek begiratu zieten Ainarari eta, seguruenik, horren aurretik komentario desegokia egina zuen Alaitzi. Alaitz berriro ere, Alaitz betiko moduan, Alaitz bere papera zein zen ulertu ezinik.
Mahaiko guztiek gaitzespen aurpegiz begiratzen ziotela karguturik, Alaitzek, atzera egin eta kikildu beharrean, itxurazko xalotasunez utzi zuen galdera airean:
— Baina, nik dakidala, ez duzu ezagutzen.
Alaitzek ere ez zuen ezagutzen eta ez zeukan arrazoi edo grina berezirik Aliaren alde jartzeko. Talde osoari errebelatzeko keinua izan zen, keinu txikia, baina zortzi milako baten ertz arriskutsuan kokatu zuena. Aliaren bekatua larria zen, Anartzek zigilu goria zeraman gainean, Agurneren erle eztenaz betiko markaturik.
— Eta zer? Alia ez zaigu gustatzen eta puntu.
Ainarak ez zuen beste azalpenik eman. Eman beharrik ez zegoelako edo, agian, arrazoiak emateko gai ez zelako.
Agurneren alboan jesarrita zegoen Aimarrek irribarre maltzurra zuzendu zion Alaitzi.