ERLIJIOA ETA SUPERSTIZIOA
Mito arkaiko guztiak, baita testamentu zaharrean topatzen direnak ere, munduaren eta munduan dagoen guztiaren sorkuntzarekin hasten dira. Denboran zehar joan dira garatzen, ahoz lehenen eta idatziz gero, moldatzen eta aberasten eta kultura artean hartzen eta ematen. Baina denak ziren egia eta euren froga nagusia munduaren existentzia bera zen.
Mendebaldean, behintzat, desmitifikazio prozesu sakona izan zen. Jainkoen historiatik atzerago jo eta han bilatzeko asmo kontzientea izan zen jakintzari ateak zabaldu zizkiona. Printzipioaren edo αργη izenekoaren bilaketak mito kosmogonikoa arazo ontologiko bihurtu zuen.
Guretzat oraindik hain ezaguna den mitologia greko-erromatarra baino askoz inportanteagoak izan ziren misterio grekoekialdetarrak (Eleusis, Dioniso, Isis eta Osiris, Mitra...). Lehenengoa literaturara eta Estatuaren bastioi izatera pasatzen zen heinean, bigarrenak herri erlijio bihurtzen joan ziren, Estatuak sustatzen zuen hartatik gero eta urrunago. Salbazio erlijioak ziren, baina misterioetan iniziatzen ziren horientzat. Kristautasuna gailentzeko arrazoi nagusietako bat mundu guztiarentzako salbazioa eskaintzea izan zen, erlijio kristauaren misterioak mundu guztiari zabalduta. Berritasuna Jesus sasoi historikoan kokatzea izan zen eta, honekin batera, bere heriotza eta berpizkundea bat eta bakarra izatea. Ez zen alegoria, ez zen periodikoki errepikatzen zen ekintza.
Salbazio eta bizi eternoaren promesak zerikusi handia izan zuen kristautasunaren zabalkundean, baita beste erlijio batzuk zituztenen artean ere. Bikingoen artean, kasu, Valhallara gerran hildako gudariak baino ez ziren joaten. Baina zer gertatzen zen beste guztiekin, hau da, populazioaren gehiengoarekin? Beste zerbait bazegoela sinistu bai, baina beste zerbait hori ez zen eurentzat. Hortaz, nora zihoazen hil eta gero? Kristautasunak behar zuten heldulekua eman zien.
Hala ere, aspaldiko sasoi horietatik hona denbora luzea igaro da. Honezkero ez da jaungoikoarengan berdin sinisten. Gure inguruko kristauen artean benetan gaitza izango litzaiguke infernuan, esaterako, sinisten duen norbait topatzea. Euren burua kristautzat dutenen artean, gehiengoa ez litzateke gai izango ez hamar manamenduak ez zazpi bekatu kapitalak zerrendatzeko.
Sorkuntza mito guztiek bezala, erlijioaren sorkuntza mitoak munduari eta existentziari ematen dio azalpena. Eta hori ez da gutxi. Moral erlijiosoak bizia gidatzeko pautak zabaltzen ditu. Eta hori ez da azaren azpiko orria. Baina bereziki interesatzen zait erlijioaren superstiziorik nagusienak: gainetik daukagun norbaitek gure kargu hartzen duela eta, erritu errazen bitartez, gaitzetik salbatuak izan gaitezkeela.
Ataka baten aurrean egiten den lehenbiziko gauza da ataka horretatik onik atera ahal izateko moduak aztertu eta praktikan ipintzea. Geure gaitasunez, hau da, geure esku dauden moduez, saiatzen gara egoera horri aurre egiten. Hala ere, guk ezin dugu dena kontrolatu. Kasualitateak ahalmen askoz handiagoa dauka guk baino.
Demagun, kalera irten eta kasualitatez teilape baten azpitik pasatzen garen momentuan kasualitatez haize bolada bat datorrela eta kasualitatez hirugarren pisuan geranioak landaturik dauzkan loreontzia kasualitatez balkoian txarto lotuta dagoela. Eta kasualitatez buru gainera jausi zaigu. Ez dago nork kontrolatu hori. Baina gure kontroletik kanpo dagoena kontrolatzeko ahalegina egiten dugula pentsatu eta sinistu nahi dugu. Ohikoa da jende nagusia atarietan aitaren egiten ikustea.
Keinu txiki horretan dago kontzentraturik superstizioaren premia. Pertsona horrentzat ez da nahikoa sinistea, kristau ona izatea eta jainkoa begira daukala jakitea. Kontrolaezina den hori ez dago prest ezta jaunaren esku uzteko ere, keinua egin, egin behar du. Bere eskuaz bekoki, papar eta besagainak ikutu eta keinu horrek babestuko duela uste du. Benetako jainko batek beste arrazoi batzuengatik babestuko luke; ona izateagatik, sinestuna izateagatik, domekero elizara joateagatik... benetako arrazoiren batengatik eta ez eskuaz burua, paparra eta sorbaldak ikutzeagatik. Pertsonaren kontrolik eza samurtzeko ahalegina da keinu horren atzean ezkutatzen dena.
Ezintasunak zerbait egiteko konpultsiora behartzen gaitu.
Euria egin dezan dantza egitea bezala, bikotekidea topatzeko harri bati bueltak ematea bezala...
Gaixoa hil ala biziko egoeran. Medikuak edo petrikiloak edo enplasteroak bere esku zegoen guztia egin duela esan du. “Otoitz baino ezin dezakegu egin” entzun da. Eta otoitz egin dute.
Baliteke gaixoa osatzea. Jainkoari eman behar zaizkio eskerrak. Otoitzek fruitua eman dute. Eta baliteke gaixoa hiltzea. Jainkoak horrela nahi izan du. Edo patua izan da.
Baliteke, halere, otoitz barik gaixoa berdin-berdin hiltzea. Orduan, ez paturik, ez Jainkoaren nahirik, otoitz egin ez dutenen kontra zeruko sumina.
Markatutako kartekin jokatzen du superstizioak.