SUFRIKARIOA ETA MINA
Minaren beldur bizi den eta, era berean, sufrikarioa goratzen bizia ematen duen jendartea da gurea. Egiten, lortzen, eratzen, osatzen, burutzen, finatzen, urrentzen, erdiesten, erreusitzen dugun orok neke, pairamen eta sufrimendua izan behar du atzean, benetan goresgarri, laudagarri eta loriagarria izan dadin.
Sufrikarioa beti da txalotzekoa. Horretaz asko dakigu andreok. Gure aurrekoengandik ikasi ahal izan dugu belaunaldiz belaunaldi. Gupida, debozioa eta ontasuna gure dohain edo balio nagusiak izanda, eskala horixe baino ez zaigu geratu izan zelanbait gailentzeko. “Nire ama, saindu hutsa!”, horixe da gure aurrekoek gerora utzi nahi/ahal zuten ondoren pozgarriena. Horixe da euren aurrekoez andre askok goratzen dutena, egia izan ala ez.
Kristautasuna bezalako salbazio erlijioek salbamendua agintzen dute, bai, baina horretara hurbiltzeko bidea sufrikarioetan pasatutako bizitza izan behar dela ere bai. Erlijioei ez ezik, honelako jokabideak militantziari ere agertzen dira loturik maiz. Militantzia eta erlijioaren edo, hobeto esanda, militantzia eta salbazioaren arteko sakoneko lotura ukaezina da. Bizitzari zentzua emateko era eta bizimoduari ordena eta balioak emateko forma, hau da, klan-erlijioa, totemismoa. Minak beti eman izan dio plusen bat militantziari, erlijioek salbamendurako bideari eman bezala. Baina minak ez gaitu ez hobeak ez txarragoak egiten. Kristautasunaren errondoak eta balio eskala maltzurrak baino ez dira.
Edozelan ere, minak izan badauzka ekarpen baliotsuak.
Lehen begiratuan, aurkarien legeari jarraiki, mina inoiz eta ezelan sentitu ezean, seguruenik plazera bere dimentsio osoan sentitzeko gaitasuna ere laburtuko litzateke.
Minak, bere horretan, behin iragana, hondar eta aztarnak uzten dizkigu barruan. Jakintza hondarrak eta biziari ekiteko ikuspen osoagoaren aztarnak izan litezke batzuk. Eta gehien estimatzekoa: funtsezko indarren askapena.
Minak, eta ez itxurakerietako sufrikarioak, benetako minak baino, pertsona izan aurreko estadiora eroaten gaitu, animalia izaerara bueltatzen gaitu, berez garenaren muinean jo eta azaleratzen digu. Garen animalia bortxaz agertu eta, beste ezer izan aurretik, horixe izan ginela gogorarazten digu: biziraupen, ehiza eta babes instintuek gidatutako animaliak.
Eta ez naiz min fisikoaz ari.