ALFONSINA STORNI
Hark telefonoz berriz deitzen badu,
esaion ez tematzeko, kanpoan naizela...
“Lotara noa” poema
(Itzulpena: Uxue Alberdi)
Mercedes Sosaren ahotsak betetzen ditu bazterrak oro, bere kadentzia eta tristuraz. Alfonsina y el mar kanta, Storniren poemak baino ezagunagoa. Alfonsinaren heriotza, Storniren bizia baino presenteago. Kantak heriotza horri ematen dion irudi erromantikoa nahiago du jendeak: Alfonsina lasaitasunean itsasora sartzen, astiro, irensten uzten. Irudi hain erromantiko eta leuna, ezen ez baitira gutxi harrezkeroztik Alfonsina izena jaso zuten umeak.
Baina Stornik itsaslabarretik behera bota zuen bere burua, ekintza latz, gogor eta mingarriaz.
Depresibo, paranoiko, histerikoa... horrela mintzo dira zenbait zutaz. Idatzi ere egin dute, zuk erabilitako abeze berberaz. Paranoikoa... guk baino ikusten, igartzen, nabaritzen ez ei ditugun gauzak.
Besteak ikusteko gai ez diren hori sumatzen badugu, ez da gure gaixoa, beste horien hutsunea baino.
1920ko maiatzaren 18an “harmonia femeninoaz” aritu zinen egunkariko orrialdeetan. Emakumeok harmonia perfektua izan behar garela, gizonek euren egoismorako emakume-biktima behar dute eta. Gurea beti izan behar da, edozer egiten dutela, edozer egiten digutela ere, ulermen bihozbera eta sakrifikatua. Geroago, Mundo Argentino-n, jendartearen gaixotasun morala ideiei beldurra dela azaldu zenuen.
Ez ei ziren horrelako ideiak emakumeek izan behar zituztenak. Are gutxiago emakume poeta batek. Zergatik ez zinen mugatu zure paperera? Zergatik ez zenuen lilien usainaz gau eta egun gozatu? Urrezko kaiolatik ihes egitea arriskutsua dela, zergatik ez zizun inork abisatu?
Sekula gizaki izatera helduko ez garelako konbentzimenduak erraiak usteldu eta gogoa belztu dezake. Ez, edozer eginda ere, edozelan arituta ere, ez gara gizaki izatera helduko, emaztekiak, andrekiak, gara eta. Gure andretasuna ez da inoiz gizatasuntzat hartua izango, gugandik isurtzen diren esne eta odolak, gure oin hotzek eta haragi samurrek humanitate askoz handiagoa erakutsi arren.
Ez, ez dugu gizaki izan nahi. Andrekiak gara eta.