NIRE MINBIZIA
Gehien gorroto ditudanei
gorroto horren esker onez
De no ser de sí ser de no ser
De no ser, de sí ser, de no ser
Ez izan, bai izan, ez izan
De no ser de sí, ser de no ser
Baitakoa ez izan, ez izatearen izatea
Egun bat eta beste bat,
hurrengoa eta aurrekoa
izan ez naizen sasoietan pentsakor.
Izango ez naizela erabakior,
izatea liseriketa astuna bailitzan,
ez izatean pentsatzea
askoz astunago.
Iragarki gogaikarria telebistan,
zornatzen den atzoskol bat
taup taup taup atzamarraren puntan.
Bai naiz
haragiari darion zikin zuriaren minak
halaxe dio.
Bazkalosteko pilulak hartu ditut
berandu.
Goizekoak, lar goiz.
Arratsaldekoak, sasoian.
Gauekoak, lotara orduko.
Ze metafora egin liteke bost “-ina” ezberdinen artean?
Bertsolaria banintz, behintzat, errimak topa nitzake:
adina
gelatina
antzina
naftalina
Eta, jakina,
lehentxu aipatutako mina
Ta, koño, nire potxina!
Mina atera dizuet
mina=mingaina, mihia
izorra dadila mundua,
izorra zaitezten munduan zaudetenok
eta mundutik aparte dena ere
izorra dadila.
Oraindik banaiz
eta amorrua biderkaturik.
Zenbat eta zaharrago, orduan eta azeriago.
Pilulek ez didate hori apaltzen.
Izan zaitez zarena.
Hori besterik ez.
Hori baino ez.
Guztiz, zeharo eta arras.
Izan zaitez zure berezitasunik onena,
zure ezberdintasunik gorena.
Heldu egiozu zehazten zaituen horri.
Eta horretan nabil
Oraindik banaiz
institutuko pasabideetan
behearen gainean
morroi hura
odoletan
utzi zuen neskatoa.
Bai, oraindik banaiz.
Bai, oraindik badaukat
barru-barruan
sua
gorrotoa
amorrua
borroka gogoa
irakiten.
Nire minbizia izan zaretenok
bizimina eman didazue