INGEBORG BACHMANN (I)
Ni jaio baino lau urte eta egun bat, egun bakar bat, lehenago hil zen Bachmann. 47 urte baino ez zituen. Nik baino hamar gehiago. Suak hartu zuen bere ohea. Ezbeharrez edo beharrez izan ote zen Bachmannek baino ezin jakin.
Malina nobelan idatzi bezala, su gorriak aurpegian dir-dir egiten diola irudika dezaket. Aztia balitz legez, Ingeborgek bere liburuan asmatu zuen amaiera: sua. Labeko suan kiskaltzen zituen paper zatiak. Baina ez idatzitakoa desagerrarazteko ekintza poetikoan; azken zigarroa, azkenetan azkenena izango zen zigarroa pizteko baizik. Aztia balitz legez igarri zuen azken zigarro hura, azkenetan azkenena.
Sofara begiratu dut. Sofako erredurara.
Inguratzen gaituen krudelkeriaren aurrean, zelan babestu? Non topa ahal da atseden, edonon bada sarraski eta min lazgarria? Non topa ahal da deskantsua, egunero triskantzak eragiten badituzte gizakien inbidiek, ezinikusiek, gezurrek, kalte egin nahiek, zapaldu nahiek?
Maitasunean erantzungo luke baten batek.
Maitasunean erantzun dugu denok noiz edo noiz.
Bachmann eta Celanen arteko harremana akaso salbamendua izan zitekeela uste izan zuten biek, nork bere aldetik. Baina poesia errealitatetik at dago. Eta errealitatetik at dagoen zerbaitek ezin gaitu errealitatetik sekula salbatu.
Uste baino gehiago maitatu izan nauela dedikatu zidan gizon batek bere poema liburuetako bat. Badakit berak ez ninduela maitatu. Nik bera ere ez. Maitatzen ez dakien gizona eta maitatu nahi ez duen andrea.
Heriotza literarioa eta benetako heriotza gauza bera ez diren bezala, maitasun literarioa eta benetako maitasuna ez dira berberak.
Benetako maitasuna gauza zikina da, min ematen du. Ez da sentimendu aratza. Sentimendu higuingarria da. Hori islatzen ez duen poema gezurretan dabil. Islatzen duena bezalaxe. “O poeta e um fingidor” zioen Pessoak. Zer ez dira, ba, poeta bi batera?
Poema ederrak sortzeko bidea. Handik poemarik sortu bazen. Zirrara, ardurarik eza, askatasuna, jolasa, batak bestearen ariman arakatu eta bizia literatura bihurtzen den tokitik elkarri xurgatu. Jolastu eta jolasean ezkutatu, andre-gizon izaera poeta izaeraz mozorroturik, sasi-maitasun literarioz mozkorturik.
Paul Celanek Senara bota zuen bere burua 1970eko apirilean.