MARINA TSVETAIEVA
Zuri, mende bat barru jaioko zaren horri,
arnas hartzeari utzi diodanerako,
hiltzera zigortutako baten barrukietatik
neure eskuaz idazten ari natzaizu
“Zuri, mende bat barru” poema
Duela ehun urte poema bat idatzi zenidan. Niri. Ez zenekien mende baten buruan hemen egongo ote nintzen. Ez jakiteagatik, ez zenekien ni izango nintzenik ere. Eta, hala ere, idatzi egin zenidan.
Egia esan behar dizut. Poemak ez dira irakurri dudan bakarra. Kuriositatea neukan eta zure egunerokoa ere erabili dut esku artean, zu irudikatzen eta zure pentsamenduetan lapur moduan arakatzen. Ez nuen mesanotxetik ostu behar izan, liburu denda batean erosi nuen; hala ere, salerosketaren ekintza kapitalistak ez du zure intimitatean arakatu izana samurtzen, ezta duintzen ere.
Ez dut zure azken egunaz berba egin gura. Ez dut gura espekulatu ea erbestera joateko maleta biltzeko soka berbera erabili ote zenuen zeure burua urkatzeko. Bizi osoan zehar, momenturik txarrenetan ere, zure idazkiei darien sua, grina, pasioa nahi ditut ekarri.
Ez amorrurik ez gorrotorik zure idazkietan. Akaso ez zenuen arrangurarik edo erreminik sentitzen? Ala isiltzen zenuen? Marina, ez dizut gezurrik esango. Ez naiz damutzen nik kontrako erabakia hartu izanaz. Ez naiz damutzen itxuragabetzen naizenean, ez naiz damutzen ahotsa benatzen zaidanean. Ez naiz damutzen basapiztia askatzen dudanean.
1917ko iraultzak bete-betean harrapatu zintuen, baina okerreko aldean, agidanez. Gerra, pobreziarik eta larriena, Irina alaba txikiaren heriotza, erbestea... handik urte batzuetara senarraren epaiketa eta heriotza zigorra, Ariadna alaba nagusiaren kartzelatzea, ostrazismoa Tartaristanen.
Errusian ez zinen izan irabazleen artekoa, baina Europan ere ezin izan zintuzten andrazko bihurtu. Esaldi erraz eta egiteko askoz errazagoen eskean zebiltzan poesia maite ez zuten haiek. Baina zelan ez goraipatu Maiakovski? Zelan ez maite Pasternak?
Zalantzatan zenbiltzan ea zu hil eta urteetara inork zure lana aintzat hartuko lukeen. Mende bat pasatu da eta oraindik inork ez du poesia maite.
Alemania nazismoaren zirimolan zegoenean ere ondo ulertu zenuen. Rhin errekaren zaratotsa eta Goetheren buru argia ez ziren iraganekoak, baizik eta etorkizunak prest zeuzkan heldulekuak. Etorkizun horretatik diotsut, beste inork ez zuen hain argi ikusi. Rhin eta Goethe. Baita egungo zirimolan ere.
Arimak kortse barruan eusten dituzten horiek euren gainean dabilzkien Furiak balira legez hartzen dituzte sentimenduak. Orduko sasoi latzak su, pasio eta grina sasoiak ez zirela ezarri zuten hainbat gizonek. Okerrik eta nagusiena hori. Su, pasio eta grina barik sasoirik ez dagoelako, ez latzik, ez samurrik. Ez dago ezer.