AMETSEN KONTUAK
Errusiar idazle batekin egin nuen amets behin. Aspaldi. San Petersburgon, Neva errekaren paretik paseatzen ari ginen, literaturaz eta ezertarako balio ez duten bestelako gauzez berbetan. Ez zen Joseba, Anton zen. Hitz bakoitzaren atzetik gure ahoetatik ihes egiten zuen lurrunari kasu egin barik gindoazen. Astiro. Txekhov zen eta, aldi berean, Sarrionandia. Ametsen gauzak.
Erreka izeneko kale batean jaio eta beti errekaren alboan bizi izan naizela kontatu nion eta oraindik ez nekiela lurraren oparoa edo uraren ahanztura esan nahi ote zidan. Hobeto entzun behar nuela erantzun bezain pronto, kontrako norabidean zetorren emakume dotorearengana jo zuen. Uhal gorriaz loturik zekarren txakur txikiaren burua laztandu zuen. Barre egin genuen.
Hermitagera heldu ginen elurretan hasi eta batera.
— Zein Sofia zara? —galdetu zidan— Osaba Vania ipuinekoa edo Krimena eta zigorra nobelakoa? Esan, zein Sonetska zara zu?
— Bietatik apur bat —erantzun nion.
— Hori eman dit.
— Baina ez daukat euren antzik inondik ere ez.
— Ez, ez batena ez bestearena.
— Zuk ere ez daukazu zeure antzik.
— Ametsen kontuak, badakizu.
Errusiako literaturak mundu osoaren pisua daramala lepo gainean, historia osoaren madarikazioen pean idatzi izan dela deliberatu genuen. Orduan, Etxahun, malerusetan malerusena, errusiarra ote zen eztabaidatzeari ekin genion.
Eta Neguko Jauregian barrena, ahaide deliziusean, bizitze mulde gaitza deklaratü genuen.