SALATARIAK
“Ez izan salataria, mundu honetako gauzarik eta txarrena salatariak dira”, “mundu honetako okerretan okerrenak salatariak dira”...
Ez nuen ulertzen zergatik beste umeek ez zeukaten ikaspen hau ikasita. Gauza serioa zen, serio hartu beharrekoa, serio esaten zuen aitak. Serio begiratzen nien ume salatariei, nahiz eta ni ez izan salaturikoa.
Nagusitan ulertu nuen.
Hitz egiteko beldurra, jokatzeko beldurra, pentsatzeko beldurra, hitz bitan, izateko beldurra, egunez egun, eguneko ordu, minutu eta segundo guztietan, salatariek eragiten zuten. Ezin fidatu inorekin, ezin jakin inguruko inor, ezagun zein ezezaguna, edo ezustean pasatzen zen edozein, ala elkarrizketa bateko pare bat berba entzuten zituen norbait, handik ezerezera kuartelera kontatzera joango ote zen.
Francok edo Guardia Zibilak ez zuten jendea zuzenean isilpenera kondenatu, salatariek baino. Salatariak izan ziren hainbat eta hainbat heriotzaren, hainbat eta hainbat kartzela urteren, hainbat eta hainbat torturaren, hainbat eta hainbat enplegu galeraren, hainbat eta hainbat zigor krudelen errudun zuzenak.
Juan García Duránek zioenez, “sasoi honek eman duen narrasti pozoitsuena salataria da, komisarietatik sabela arrastaka dabilena lupu eta adurra zabaltzen”.
Ez dira falta horrelakoak gure inguruetan, gure lanetan, gure kaleetan. Ez dakit oraingo sasoian okerretan okerrenak diren, baina txomin belarra baino gaiztoagoak, oilaskoaren lepoko haragia baino txarragoak, potrozorrien azkura baino ernegagarriagoak badira.