VIRGINIA WOOLF (II)
Virginia Woolfek harriak sartu ei zituen poltsikoetan errekara sartu eta bertan itota hil baino lehenago. Behearen gainetik jaso zituenean, edozein harri aukeratu zuen? Pisuagatik besterik ez zituen bereizi bere buruaz beste egiteko harri onak eta txarrak? Ala beste zerbait izan zuen kontuan? Kolorea? Forma? Etxetik irteterakoan, berokien artean ere poltsiko handidunena aukeratzen eman ote zuen denbora edo aldez aurretik bazekien egun hartan goitik behera zer jantziko zuen?
Virginia Woolfek agur gutuna utzi zion senarrari. Gutun hartan ez zion egoera ez ulertzea edo kudeatzen ez jakitea aurpegiratu; aitzitik, barkamena eskatu zion pasarazi zion sufrimenduagatik. Gehien maite duzunari sufrimendua eragiteak norberaren sufrimenduari zama erantsia dakarkio. Hurbil behar duzun hori gero eta urrunagotzen da. Erruduna nor den deliberatzea berokia harriz betetzea lakoa da.
Virginiaren errukia sentitzen dut batzuetan Andoniri begiratzen diodanean. Amorru eta gorroto biziak erruki sentimendu apalari gailentzen zaizkion arte.
Mendeku oharra utziko nuke. Hala uste nuen, behintzat, heriotzan pentsatzen nuenean.
Benetan hil nahi izan dudanean, ordea, balizko oharrak ez zuen hainbeste inporta, gerokoak inportantzia osoa galdua baitzuen. Oraindik ere ez dakit zenbateko garrantzia merezi duen etorkizunak, orainak askorik ez daukan heinean.