PLAUDITE AMICI
Suetoniok, Enperadoreen bizitzak liburuan, Augustoren azken berbak izan ei zirenak dakartza: “Plaudite amici, comoedia finita est”, “Egin txalo, lagunok, antzerkia amaitu egin da”. Augustok bazekien bere bizi osoa antzerki hutsa izana zela eta, azken momentuan besterik ez bazen ere, besteen aurrean onartzeko gaitasuna izan zuen. Baina sasi-idoloek, euren biziak eremu hain txikian norbait direla erakusteko plantak egiten eman dituztenek, euren buruetan eta euren inguru hurbilean inor baino ez direnek, zelan onartuko dute antzerki jokoa baino ez dela izan? Zelan konturatuko dira amaieraz? Augusto enperadorea izan zen. Beste batzuk bufoiak baino ez.