GALERA
Maite dudan gizona galdu nuen. Nahita. Baina zerbait nahita galtzeak ez du galera samurtzen.
Arrazoiak, batzuk; sakonak, milaka. Baina zerbait galtzeko zergatiak izateak ez du galera samurtzen.
Galera izan zen. Gorputz atal bat, femurra, eskumuturra, belarria, saihets bat borondatez eta indarrez ateratzea lakoa izan zen.
Areago: esku batek, norberaren eskuak, samatik sartuta, tutu gordin eta gorriei gogor heldurik gorantz tira egingo bailuen izan zen; gorantz tira egin, harik eta barruki guztiak ahotik atera arte. Horrelako zerbait izan zen.
Mingarria oso.
Askoz mingarriagoa geroko hustasuna.