AMETSA
Teilatu zabal batean nago. Hormigoizkoa da, laua. Ume bat daukat besoetan. Arriskuan gaude. Ez, arriskuan nago. Baina ez jausteko arriskuan. Bestelako arrisku bat da, arrisku zehaztugabea, baina, halere, bizia.
Umeari begiratu diot. Nire aho berdina du. Umea ez da nirea, baina nirea da. Nirea da, nire berdina. Gorantz altxatu du burua eta irribarre egin dit. Nire begiak, nire ilea, nire ahoa. Baina ez da nirea. Ez naiz ni beraz erditu. Beste ama batena da. Jakin badakit. Baina nirea da.
Kendu nahi didate. Ez diet emango, ez didate besoetatik erauziko. Nire umea da, neu maite nau. Teilatu zabalean gaude. Urte bi inguru dauzka. Ihes egin behar dugu. Badakite non gauden. Kendu nahi didate. Estu hartzen dut arnasa. Ez zait apenas biriketara heltzen. Umea salbatu behar dut. Ez. Neure burua salbatu behar dut. Ez da nire umea, baina nire berdina da.