ANNE SEXTON (III)
DEABRUA (zatia)
[...]
Oi, ene baitako deabru,
beldur naiz, nekez altxatzen dut eskua
ahoraino, ahoa josi eta
estaltzeko, zu itoarazteko,
nire idazmakinako teklen
begi muturluzeetatik aparte.
Bahitura-etxean utziko bazintut,
zenbat urre lingote nituzke trukean,
zenbat xentimo igerian haien kobrezko muxuen artean,
hilzoriko zenbat txori jasoko nituzke?
Ez.
Ez.
Onartu zaitut,
nire ametsak populatzen dituzten hildakoekin zatoz,
idazmahaian barrena oinez dabiltzanekin
(halaxe dabil Ama ere, minbizia loratu zaio
bere Best & Co. saltokiko titietan,
zeta-paperezko mamuarekin dabil balsean).
Hildakoak, nire baitako diabetikoari goxokiak ematen,
hildakoak, tarteka nigana eta nigandik hegaldatzen diren
arrosa saldoei geziak jaurtitzen.
Bai.
Bai.
Onartu zaitut, deabru.
Ez dut zeure ahoa estaliko.
Maite dudan gizona bada, ni sagarrez zamaturik eta kirasdun;
maite dudan emakumea bada, ni gaixorik bere odolean,
bere gas eztizkoetan eta bere adar erorietan barrena.
[...]
(Itzulpena: Harkaitz Cano)
Neure burua ikusi dut lotsabakokeria zuzen eta zorrotz horretan. Biziarekiko atrebentzia. Ezin da berreskuratu inoiz galdu ez dena. Desestali liteke. Hutsunearen hondarretan bilatu beharko dut, menditik jaitsitako piztiek zaborrontzietan bilatzen duten bezala.
Eta halaxe egingo dut, nire deabruen estalkia guztiz urratu arte. Bizitzen utziko al didate? Ez, euren baimenaren premiarik ez. Neureak dira. Neuk utziko diet eurei bizitzen.
Absentziak dira, torturatzen nauten ez egindakoak, ez esandakoak. Nire deabruak hain dira errealak, hain dira benetakoak, ezen existentziatik harago baitaude. Gaueko leia dira. Jausten ikusi ez, baina belarra guztiz zuritu du goiza heldu orduko.
Ezin ditut lotu, ezin isilarazi. Ez daude, baina badaude. Beste inor haiek ikusteko, entzuteko, igartzeko gai ez izan arren. Deitzen naute, besotik heltzen naute, kantatzen naute... Nabaritzen dituzue? Hegaz datoz, elur eta kazkabar artean. Tinpanoak eztandarazten dituzten ziztuak dira.
Falta, eza, gabezia dira nire deabruak. Neguko eguzkiak lurretik gorantz altxatzen duen lurrunezko lanbroa. Ez eginikoa, ez esanikoa. Lurruna. Neureak dira. Neure parte dira. Armaturiko izpiritu ikusezinak. Nire gerra gogoaz elikatzen dira. Asegaitz, sua bezala. Hustu egiten naute eta, pasa ostean, kiskalitako gerra zelaia baino ez dute atzean uzten, gorputz atalak sakabanaturik. Prometeo berriak bezala, zati bizigabeak berriro biziarazi beharko ditut.