EGIA (III)
“Verdades como puños”. Hamaika aldiz entzun eta esan izan dut gaztelerazko esaldi hori. Ukabil horiek borobil eta indartsu irudikatu izan ditut betidanik, egiak bezain indartsu eta borobil. Hala ere, geldirik irudikatzen nituen. Gaur arte.
Mugimenduan ulertzen baditugu, ukabilak eta, hortaz, egiak, ukabilkada bihurtzen dira. Egia esateko premia igartzen dugunean, beti izaten da norbaiten aurreko edo norbaiten kontrako egia. Beste baten gezurrari kontrajartzen zaion egia. Orduan, egia nori zuzentzen diogun, harexeri zuzentzen diogu ukabilkada.
Borobiltasuna eta sendotasuna proiektatu eta kolpe indartsuaren besteko mina sorrarazi ahal du, zuzen, masailezurrera.
Egiaren indar sinbolikoak, nahiko nuke pentsatu, momentu zehatz eta konkretu batean, tupustean eta ziplo, gezurrezko mundu honen zutabeak dardarka jar ditzakeela, ukabilkadaren indar fisikoak egingo lukeen legez.