DESLEKUAN
Basoan arbola jausiz gero, baina inguruan entzun dezakeen inor egon ezean, zaratarik egiten ote duen galdetzen den moduan, bestea barik, nor naiz ni? akaso banaiz?
Izan banaiz, cogito kartesiarra eztabaidatzeari ekiten ez diodan bitartean. Baina eta ni existitzen ez naizen sasoi eta tokian bazaude, non nago ni? non naiz ni? Deslekuan? Deslekura behartzen nauzu. Deslekuan banago, egon banago, egotez, baina izatez? Nor naiz ni deslekuan nagoen bitartean? Zer naiz ni behin deslekutua?
Inor begira ez badago, berdin da galdetzea iretargia existitzen den ala ez, baiezko zein ezezko hipotesia ezin izango litzatekeelako sekula frogatu.
Berriro lekutuko nauen momentuaren zain ematen ditut orduak. Eta orduak pasaturik, zure presentzia hutsak ez nau lekutzen, deslekutik ekarri-erakartzeko leku egiten ez didazun heinean.