ERRUA
Minak materiaren legearen bigarren zatiari baino ez dio jarraitzen. Mina, materia bezala, ez da suntsitzen. Eraldatu ahal da, denboraz zertxobait apaldu edo denboraz enkistatu eta maskur bihurtu. Hala ere, materia ez bezala, mina bai da sortzen.
Andoniren mina ez dut ezagutzen, baina badakit hor dagoela. Maite nau, baina lehen bezala maite al nau? Lehen orain baino gehiago maite al ninduen? Maite al ninduen? Maite al nau? Nik ezin dut neure burua maitatu min horren sortzailea neu izan nintzela pentsatzen dudanean. Min horren sortzailea neu izateak neure mina biderkatu eta enegarren potentziara altxatzen du. Oinaze sakona da, beltza.
Errua, kontzeptu judeokristaua: errua eta bekatuengatik ordaindu beharra; hobe izaten lagundu baino, nork bere burua gorrotatzera eroaten duen sentipena da errua.
Errua errealitate sozio-historikoa da. Erlijioaren ideologia mendez mende joan da blaitzen Mendebaleko ordena soziala eta psikismo konpartitua. Mendebala erru eta damuaren jendartea da; Ekialdea, desohore eta ahalkearena.
Errua beste nozio batzuekin dago loturik, hala nola zigorrarekin edo bekatuarekin. Hainbat kontzeptuk zeharkatzen dute hirukotea: damua, aitormena, penitentzia... Erlijio eremuko hitzak izanda ere, baliokide laikoez ordezka daitezke erraz asko. Adibidez, “bekatu” barik, “txarto egindakoa”. Batera zein bestera, gure barruetan dago suaz markaturik.
Mendeetako kultura konpartitu hau, sinestunek bezala, sorbalda gainean daramagu baita ateook ere. Benetako sinesmen falta galarazita daukagu, jainkoaren existentziarik ezera mugatzen den uste pertsonala baino ez zaigu geratzen.
Erru sentipenari gaztigu nahiaz erantzuten zaio maiz. Errua eta errua sortu duen bekatua zelan edo halan garbitzearren. Badago jendea gaztigu horren beldur izaten dena edo, hobeto esanda, gaztigu hori ezar lezakeen autoritate figuraren beldur. Sarritan, ageriko beldur horiek baino atzerago joz gero, nork bere buruari dion beldurra ezkutatzen ei da, maitasunari beldurra edo maitatzeko ezintasunari beldurra, esaterako.
Errua eramanezina da. Atlasen indarra izanik ere, zanpatu eta txikitu egiten gaitu, egunetik egunera. Errua burdina goria da erraietan, ez haizeaz, ez uraz, ez denboraz hozten dena. Erre egiten du. Etengabean.
Andoniri egindako mina nire errua da. Andonik niri sorrarazitakoak ez dakit niri besteko erredura eragiten ote dion.