HIERON I, TIRANOA
Xenofontek Hieron I.aren eta Simonides poetaren arteko elkarrizketa luzea dakar bere obran. Hasierako ataletan tiranoaren bizimodua ez dela pentsa litekeen bezain ona erantzuten dihardu Hieronek. Honen ostean, Simonidesek agintari ona izateko erak azaltzen dizkio: boterea zelan erabili, halakoa izango delako herriaren eta Hieronen beraren bizimodua.
Esan bezala, Hieronek tiranoek dauzkaten kezkak eta buruhausteak plazaratzen ditu. Ondo ei daki horretaz, tirano bihurtu baino lehenago, gizon arrunta zenez gero. Halako batean, zera azaltzen dio Simonidesi: tiranoak gai direla, beste guztiak bezala, gizon ausartak, jakintsuak eta justuak bereizteko, baina, hala ere, miretsi beharrean, euren beldur direla. Ausarten beldur dira, askatasunaren izenean zerbaitetan ausart daitezkeelako; jakintsuen beldur dira, euren kontra zerbait asma dezaketelako; justuen beldur dira, herriak haien atzetik joatea erabaki dezakeelako. Hortaz, beldur honek menperaturik, baliodun gizon hauek baztertuz gero, bidegabeak, ergelak eta esklabo arima daukatenak baino ez zaizkio gelditzen tiranoari, hauek menperatzeko errazak eta arazorik ekarriko ez dizkiotenak baitira. Hieron I.a jakitun da bere inguruan horrelako gizonak besterik ez direnez, patu benetan zitala dela tiranoena.
Harrigarria da, hainbeste mende pasa ostean, euren bizia besteen erabilpenean oinarritzen duten hainbatek horrelako argitasunik ez izatea. Harrigarria da adimena zein puntutaraino lauso dezaketen laudorio, konplazentzia eta onespen etengabeek. Bidegabe, ergel eta esklaboen fideltasuna eta lausenguak faltsu eta ezdeusak direla konturatu ohi dira, berandu baina: bakarrik gelditu direla egiaztatu behar izan dute euren gaztelu eta dorreak harea hutsa zirela kargutzeko.