GERRAZ (II)
Siriar aita galderak erantzuten ari da kamera aurrean. Orain dauden kanpamentura heldu arteko bide latzaz lehenengo eta kanpamentuko bizi latzaz gero. Neketik baino askoz harago erakusten duten betazpi ilunak.
Seme-alabei gertatutako guztia kontatuko ote dien, gerran sufritutako guztia azalduko ote dien, Europara helduta zelan tratatu dituzten gogoratuko ote dien galdetu dio kazetariak. Aitak ezetz. Umeak babestu nahi dituela, ez dutela zertan horretaz guztiaz jabetu, orain inportanteena aurrera egitea dela erantzun dio. Mutiko bi eta neskato bat dauzka, hirurak txikiak. Olgetan daude aitaren aldamenean.
Edonork emango luke erantzun hori eta edonor ahaleginduko litzateke horretan, norberarentzat, bikotekidearentzat eta umeentzat onena dela sinisturik.
Eraikinekin batera biziak ere mila zatitan apurtu direnean, bizi horiek gizatasunaz guztiz biluztu direnean, bizi indarra geratzen da. Indar hori aurrera egitekoa dela uste izaten dugu, hondartxoak berrosatzeko parada hartu ahal izateko baino.
Egin aurrera, egin aurrera, egin aurrera... aurrera egin beharra ikasiko dute. Aurrera egin beharra ikasi genuen.