BERAKATZAK
Frijituta, egosirik, olio-ozpinetan, baita gordinik ere. Armosurik onena dira ogi txigortuan igurtzi eta gatzdun oliotan bustita... edozelan ditut gustuko berakatzak.
Dilistak egiterakoan, baratxuri buru osoa lapikora sartu eta gutiziarik gozoena bailitzan jaten dut gero alez ale. Banan-banan, azala ondo zurrupatua.
Berakatzak ikusten, erosten, prestatzen eta jaten ditudanean beti gogoratzen dut aitak behin kontatutakoa: “Kontzentrazio esparru batean egonez gero, baratxuri landaretxo batzuk izkina batean haztea lortu behar da”. Gauzarik eta probetxugarriena da hori. Merkeak dira, ale bakoitzetik landare bat lor daiteke, errazak dira ereiten, ez dira oso handiak ezta ikusgarriak ere eta, inportanteena, berakatzak janez gero, hestearen paretak itsastea ekiditen da.
Ortuari honen onurak kontatzen direnean, inork ez du horrelakorik aipatzen. Inguruko norbait ataka honetan egon izana ei da beharrezkoa jakinduria hau transmititzeko: jan ezean, hesteak elkarri itsasten zaizkio.
Mauthausenera arte ez da joan behar, Espainiatik hainbat lagun Austriako bazter hartara bidali eta han hil bazituzten ere. Askoz hurrago ere egon ziren esparru madarikatu horiek, Hollywooden agertu ez arren, eskola liburuek kontatu ez arren.
Mauthausenera edota Auschwitzera arte ez da joan behar, ez. Askoz hurbilago ere izan ziren. 188 kontzentrazio esparruetatik, zeinetan egon ote zen gure osaba zaharra? Aitak bere lagunaz berba egin zidanean, familiakoez berba ez egiteko egin al zuen? Balizko galdera zailak uxatzeko? Horrelako esparruetatik pasatu ziren 500.000 lagunetatik, zenbat ezagutu zituen? Guztietatik zeinek ereiten zituen baratxuriak?
Ezin dut pentsamendutik aldendu berakatzak ikusi, erosi, usaindu, dastatu, prestatu, jaten ditudanero.
Historia gaixoak dira gureak.
Eta ez dago hori osatuko duen ortuaririk.