AMORRUA
Erraietan hasten zait. Ezinegona da hastapenetan, gorantz eta muskulu guztietara barreiatu bitartean barruko su bihurtzen joaten dena. Estutasuna igartzen dut segidan, haginetara, masailezurretara igo eta gorputz adar guztiak tenkatzen dizkit. Estutasuna hain da estua ezen dar-dar bihurtzen baita, kontrola ezineko dardara. Hankak, besoak, eskuak nahi gabe mugitzen zaizkit, mugimendu atezuetan eta kontrolaezinetan. Zerbait apurtu behar dut. Amorrua da eta amorru mota hori, amorrua aurpegi eta jarrera horren pean agertzen denean ezinezkoa zait galgarik ipintzea. Barrukietatik atera behar dut, kanpora, beste norabait, beste zerbaiten kontra, neure burua harrapatu baino lehen. Milaka zaldi, mila lurrikara, milaka kontrolaezineko indarraldi barrutik irten eta noraezean, besterik ezean, neure burua harrapatu baino lehen.
Kolpatu, apurtu, desegin, suntsitu... eta gero, lasaitasuna, bake sentsazio leuna. Dena apaltzen da inguruan, harrotutako itsasoaren kontra borrokatu den batelak azkenik portuko baretasuna topatzen duenean bezala. Atsedena, mila zatitan apurtutako koadro haren krasss hura gogoratzen dudanean bezain deskantsagarria.