JABETZAZ (I)
Kantek hiru antsia edo gogo bizi (Süchte) aipatu zituen: jabetza antsia, botere edo dominaziorako antsia eta handigura antsia (Habsucht, Herrsucht, Ehrsucht).
Hiru antsia edo gogo bizi hauek animalietatik bereizten gaituzte. Ez dira desira edo premia fisiologikoak, ez dira bizi ahal izateko bete beharrekoak, baina denok eramaten ditugu geure baitan. Gogo hauek, nahi eta nahi ez, mundua mugiarazten dute.
Animalietatik bereizten gaituzte, besteak beste, giza taldean baino ez direlako sortzen eta ezin direlako ase. Interakzio horretan, beste pertsonak bitarteko huts moduan erabiltzera eraman gaitzakete.
Kanti jarraiki, hiru antsia hauek estuki loturik leudeke inperatibo kategorikoaren eta inperatibo praktikoaren harira filosofoak zioenarekin.
Inperatibo kategorikoa: zure ekintzak izan daitezela lege unibertsal bihurtzea nahiko zenukeen aginduaren araberakoak.
Inperatibo praktikoa: zure ekintzetan gizakiak —zu zeu eta besteak— ez daitezela izan bitarteko hutsa, helburua ere izan daitezela.
Hortaz, beti izan behar gara helburutzat hartuak eta ez bitartekotzat. Zeren eta pertsonak ez baikara helburu subjektiboak —inori helburu baliagarri suerta gakizkiokeenak—; pertsonak helburu objektiboak gara, geure existentzia bere horretan helburua badelako.
Bestetik, hiru antsia horiek bultzatutako pertsonek ezin dituzte sekula beren premiak bete, daukaten edozein premia edukita ere, antsia inpultsoak berak biderkatuko baitu. Beraz, boterea ez da sekula nahikoa izango, botere gehiago lortzea beti delako posible eta, hortaz, ad infinitum egon liteke botere gehiagoren xerka. Gauza bera gertatzen da jabetzarekin: jabetza materialarekin, pertsonak ere materialtzat ulerturik. Eta beste horrenbeste handigurarekin.
Zenbat eta gehiago eduki, orduan eta askoz gehiago edukitzea izango da helburua, baina zer gertatuko da desjabetuak direnean?