IHESEAN
Beti ihesean ibili izanaren sentsazioa bitxia da. Ihesean, aurrera, baina ez nonbaitetik edo norbaitengandik ihesi, ez beldurrez. Ihesean zerbaiten bila. Zerbait hori topatu ez den tokietatik ihesi, jadanik bizitakotik ihesi. Bila, beti bila. Asebeteko gaituen zerbaiten bila. Bizitzari zentzua emango dion zerbait. Eta ez dago arras asebetetzen gaituen ezer.
Bilatzen ez duena konformatzen den pertsona da. Erraza da konformatzea, baita itxoitea ere. Baina ihesean bizi denak badaki ez dakiela zer ari den topatzen, eta zera hori ez duela inoiz topatuko. Ez dago arrazoi zehatzik abiatzeko, horretara bultzatzen gaituen indar zehaztugabea baino.
Batzuetan pentsatzen dut zerbait topatzearren egiten dudala aurrera. Besteetan konturatzen naiz gauzak atzean uzteko eta atzera ez begiratzeko modua dela aurrera egitea. Beti aurrera, loturak oro atzean utzi, atzera ez begiratu, bizirauteko modu bakarra bailitzan, zelanbait, bizitzeko baino, bizirauteko premia banu bezala. Arrazonamendurik ez daukan instintua da: egin aurrera, egin aurrera, egin aurrera... Aurrera egin beharra.
Gerraren sarraskira berbaz ere itzuli ezin izan diren familietan horixe ikasten dugulakoan nago.