HEROISMO ETA PASIBITATEA
Hazia deitzen zaio espermari, haziak direlako, lurrean ereinda, landareak sortzen dituztenak. Hala, haziari, espermari, bizia sortzeko gaitasuna egotzi izan zaio historian zehar. Menstruazio odolari, ordea, lurraren ongarri antzeko funtzioa aitortzen zitzaion antzinako Grezian.
Hortaz, emakumeok jasotzeko prest. Eta beti prest. Gizonezkoen leinuari jarraipena eman ahal izateko.
Ondo gogoratzen dut zelan azaldu ziguten klasean fekundazioa. Obulua eta espermatozoidea. Obulua bertan, zain, geldi, aiduru. Eta espermatozoideak lehenbizikoa eta, hortaz, arinena eta indartsuena zein izango den frogatzeko gogoz. Barruan hazi dizkigutenen artean txapeldunak obulu barrura sartzea lortuko du azkenik.
Lasterketa heroikoan edozein mutilek ikus dezake bere heroismoa. Eta edozein neskak bere pasibitatea, espermatozoiderik onenaz fekundatuko duen heroiaren zain. Jaio orduko horrelakoak garela zientifikoki argi izan dezagun.
Baina, antza, gauzak ez dira kontatzen diren bezala. Espermatozoideak euren kabuz ez lirateke helduko inora. Obulua omen da bidea seinalatzen duena eta helmugara heltzeko energia bultzada ematen diena, CatSper izeneko ioi kanalak aktibaturik. Progesterona hormonaz egiten ei du.
Eta behin obulura erakarrita (eta ez helduta), espermatozoidea sartu baino, espermatozoideari sarrera ematen dio obuluak, Folr4 folato hartzailearen bitartez.
Heroismo handirik ez. Pasibitaterik ere ez.